Zeraingo Udala Uemako kide izatea onartu du Batzar Nagusiak aho batez
Urkijok helegitea jarri zion Zerain Ueman sartzeko erabakiari. Aktak euskara hutsean bidaltzeagatik helegitea jaso duten udalei ere babesa ematea erabaki dute batzarreanZerain Uema Udal Euskaldunen Mankomunitateko kidea da dagoeneko. Larunbatean egin z...
Urkijok helegitea jarri zion Zerain Ueman sartzeko erabakiari. Aktak euskara hutsean bidaltzeagatik helegitea jaso duten udalei ere babesa ematea erabaki dute batzarrean
Zerain Uema Udal Euskaldunen Mankomunitateko kidea da dagoeneko. Larunbatean egin zuen Batzar Nagusia Uemak, eta bertan onartu zuten eskaera. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak helegitea jarria dio Zerain Ueman sartzeko erabakiari, baina hala ere aurrera egitea erabaki du mankomunitateak, «Zeraingo Udalak euskara sustatzeko hartutako konpromisoari atxikiz».Uemako beste hamahiru udali ere jarria die Urkijok helegitea, kasu horietan aktak euskara hutsean bidaltzeagatik. Tartean daude Altzaga, Arama, Itsasondo eta Gaintza. Egoera «larria» dela eta euskararen ofizialtasuna bera zalantzan jartzen ari direla salatu du Uemak: «Praktikan euskarak, erdara erabili ezean, ez duela balio ofizialik esaten digute helegiteok».
Udalak «ataka zailean» daudela esan du Uemak, ez dutelako epaia irabaziko duten ziurtasunik, ezta kasu horretan prozesu juridikoaren gastuei aurre egiteko adina baliabide ekonomikorik ere. Helegitea jaso duten hamahiru herritik 11k erabaki dute aktak euskaraz bidaltzen jarraitzea eta prozesu juridikoan aurrera egitea; Goierrin, Aramak eta Gaintzak. Itsasondok eta Altzagak, berriz, ez dute prozesuarekin jarraituko.
Aurrera egitea erabaki duten udalak babestu egingo ditu Uemak, eta haien esku jarriko du mankomunitatearen aholkularitza juridikoa. Defentsarako oinarria, berriz, Eusko Jaurlaritzak aktak euskaraz bidaltzea legezkotzat joaz udaletara bidalitako txosten juridikoa izango da.
Uemaren hitzetan, hala ere, ez da nahikoa udalei babesa adieraztea. «Euskaldunon eskubideak bermatu eta euskaraz aritzea juridikoki babesteko moduak bilatu behar ditugu, horretarako EAEko euskararen legea bera egokitu behar bada ere». Hala, instituzio eta eragileekin harremanetan jarri da Uema, erantzun bateratua emateko.
Bide horretan, Eusko Jaurlaritzaren lankidetza bilatu du Uemak. Bilera bat egiteko eskaera bidali zuten urtarrilaren 2an, eman beharreko urratsak Jaurlaritzarekin adostu eta bat eginda aurrera egiteko. Uemak salatu duenez, ordea, oraindik ez dute erantzunik jaso.