Ekainaren 30etik uztailaren 3ra izango da kongresua, eta 150 zientzialari elkartuko dira. Albert Fert eta Peter Grümberg Fisikako Nobel saridunek hitzaldiak egingo dituzte
Julian Gonzalez, ezkerretik laugarrena, eta Albert Fert, erdian, orain lau urteko kongresuan.
Orain lau urte hasitako bideari jarraipena emanez, Ordiziak Nanoteknologiari eta Espintronikari buruzko II. Kongresua hartuko du datorren astean, hilaren 30etik uztailaren 3a bitarte. RTNSA (Recent Trends in Nanomagnetism, Spintronics and their Applications) kongresuaz gain, IWMW (International Workshop on Magnetic Wires) nazioarteko lan-saioaren seigarren edizioaren egoitza ere izango da. Kongresu honen helburu nagusia nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorrean eman diren azken ikerketei buruz hitz egitea eta eztabaidatzea da.
Julian Gonzalez EHUko Fisika Aplikatuko katedraduna da kongresu honen koordinatzaile nagusia, ordiziarra bera. Udalak halako biltzar bat Ordizian nahi zuela eta, orain lau urte egin zen lehen edizioa, eta aurten errepikatu egingo dute. «Ordizia bezalako herri txiki batean horrelako kongresu bat antolatzea ez da erraza, logistika aldetik mugatua dagoelako. Ordiziarentzat, hala ere, ohore bat da biltzar hau hartzea, nanomagnetismoaren arloko mundu mailako adituak elkartuko direlako. Zientziaren alor honetan, Ordizia mundu guztiaren ahotan dago», adierazi du Gonzalezek.
Fisikako bi Nobel saridun
Aurtengo kongresuan mundu mailako hamasei ikertzailek hartuko dute hitza, eta horien artean bi nabarmentzen dira: Albert Fert frantziarra eta Peter Grümber alemaniarra. Biek ala biek Fisikako Nobel Saria jaso zuten 2007. urtean. Fert kongresuaren lehen edizioko gonbidatu izarra izan zen, 2013an Ordiziako Udalak harrera bat ere egin zion, eta orain Ordizian izango da atzera. Amerikako Estatu Batuetatik eta Japoniatik ere etorriko dira adituak. «Goi mailako ikertzaileak etorriko dira, eta nanomagnetismoan arloan egin diren aurrerapenen inguruan hitz egingo dute».
Fert espintronikaren «aita» dela adierazi du Gonzalezek. «Espintronika Magnoerresitentzia Erraldoia izenarekin ezagutzen den efektu bat da, eta efektu hori aurkitu zuenetako bat da Fert. Erresistentzia elektronikoa produktu batzuekin edo besteekin lan eginda asko aldatzen zela ohartu zen. Esan behar da Ferti esker ezagutzen ditugula gaur egungo CD, DVD eta antzeko gailuak. Fertek bidali zituen pikutara bideo zintak eta kaseteak». Grümbreg izan zuen lankideetako bat zeregin horretan Fertek. Disko gogorretan gigabyte kopurua handitzea lortu zuen. Gonzalezen esanetan, nanomagnetismoaren alorrean egiten ari diren ikerketak eta lortzen ari diren emaitzek «ikusmin handia» sortzen dute elektronikaren, telekomunikazioaren eta osasun publikoaren industrian. «Interesa horrek eta hortik eratortzen den motibazioak bultzatzen gaitu horrelako kongresuak antolatzera».
Medikuntzaz Japoniatik
Aipatzekoa den beste hizlari bat Tomomi Uchiyama japoniarra da. «Biomagnetismoaz ariko da, eta medikuntzaren alorrean izan ditzakeen aplikazioei buruz jardungo du». Uchiyama Nagoyako Unibertsitateko –Japoniako laugarren hiri nagusiena– ikertzailea da, eta haren bi lankidek Fisikaren Nobel Saria jaso zuten iaz LED argien inguruan egindako ikerketengatik.