Nanozientzia, Ordizian erraldoi
Peter Grünberg eta Añbert Fert fisikako Nobel saridunak Ordizian izan dira. Nanomagnetismoari eta espintronikari buruzko kongresua ari dira garatzenAsteazkenetan Ordizian ohiko bisitari diren baserritar txapeldunen artean beste zientzialari txapeldun...
Peter Grünberg eta Añbert Fert fisikako Nobel saridunak Ordizian izan dira. Nanomagnetismoari eta espintronikari buruzko kongresua ari dira garatzen
Asteazkenetan Ordizian ohiko bisitari diren baserritar txapeldunen artean beste zientzialari txapeldun batzuk ibili ziren, atzo. Adinez aurreratuak ziren haiek ere, begirada zolidunak eta ez bereziki hiztunak. Albert Fert frantziarra (Carcassonne, Frantzia, 1938) eta Peter Grünberg (Pilsen, Txekia, 1939) zientzialari ospetsuak ziren, Mario Norberto Baibich argentinarrak eta Julian Gonzalez ordiziarrak lagunduta.Nanomagnetismoari eta Espintronikaren Azken Joeren eta Beren Aplikazioen Nazioarteko II. Kongresua (RTNSA, ingelesezko hizkietan) ari dira ospatzen Ordizian, bihar arte. Herenegun hasi bazen ere, irekiera ekitaldi ofiziala atzo eguerdian egin zuten. Ordiziako Udalak harrera egin zien Fert eta Grünberg fisikako Nobel saridunei, eta ondoren kongresuaren irekiera ekitaldi ofizialean parte hartu zuten, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriarterekin, EHUren errektore Iñaki Goirizelaiarekin eta Ordiziako alkate Jose Miguel Santamariarekin batera.
Nazioartean ospe handia duten bi zientzialariek 2007an jaso zuten fisikako Nobel saria, magnetoerresistentzia erraldoia aurkitzeagatik. Disko gogorretan gigabyte kopurua haztea ekarri zuen, eta gailu elektronikoen memoria ahalmena handitzea, eta tresnen neurria txikitzea.
Fisikako aurkikuntza horrek berehalako aplikazioa izan zuen teknologian. Azkartasun horrekin harritu ere egin zela aitortu du Baibich irakasleak, bi Nobeldunen taldekoa bera.
Hain zuzen, nanomagnetismoaren eta espintronikaren aplikazioak eta azken joerak zeintzuk diren ari dira xehetzen adituak, Barrena jauregian. Areto nagusia zientzialariz mukuru beteta zela hitz egin zuten, atzo, Fert-ek, Grünberg-ek eta Baibich-ek, hamar-bat minutuz eta ingelesez.
Arreta zientzian jarrita
Baibichek sarrera egin ondoren, bi Nobeldunek fisikaren balioa aldarrikatu zuten. «Fisikak aurrerapen harrigarriak ekarri dizkio zientziari», aitortu du Albert Fert frantziarrak. Gizartean zientziak izan behar lukeen pisua nabarmendu dute biek ala biek.
Nobel sariez ere jardun ziren. Magnetoerresistentzia erraldoiaren efektua 1988an aurkitu zuten, Fertek Orsayko (Frantzia) Solidoen Fisikaren Laborategian —Baibich taldekoa zen—, eta Günbergek Julich-eko (Alemania) Solido Egoeraren Ikerkuntza Institutuan. 2007an eman zieten Nobela, biei.
«Emozio handia eragin zigun, bai niri, bai familiari, bai lagunei. Ohoreari estresak jarraitu zion, ordea. Hurrengo bi urteetan politikariekin eztabaidak izan ohi nituen, ikerketa ministerioekin, kazetariekin… Zientziaren izaeraz eta gizartean behar zuen paperaz. Baina, orduan, ezetz esaten hasi nintzen. Gonbidapenei uko egin, eta kongresu jakin batzuetara bakarrik joaten hasi nintzen, nire ikerketen berri zientifikoki ematera. Fisikan jarraitzen dut», azaldu du Fertek.
Eusko Jaurlaritzaren izenean, Uriarte sailburuak argitu du gobernuaren «nahia eta asmoa talentua jasotzea, zaintzea eta indartzea» dela. 2015-2018 unibertsitate planak baliabideak eta gaitasunak «bultzatzeko asmoa» duela gaineratu du. Bestetik, zientzia, teknologia eta berrikuntzako 2015-2020 planarekin, arloan lehen bi urteetan %2ko igoera egingo du, eta azken hiru urteetan %4koa. Ikerbasqueren «lan estrategikoa» ere goratu du.