Dozenaka lagun elkartu da Ordizian eraso sexistak salatzeko
Aurreko asteburuan Ordizian gertatutako eraso sexistak salatzeko elkarretaratzea egin dute Plaza Nagusian. Jaien hasieraren atarian elkartu dira, eta “eraso sexistarik ez, erasotzaileak kanpora!” idatzita duen pankartaren aurrean. Kimetz elkarteko kideak, eta udal korporazioko zein alderdi politikoetako ordezkariak egon dira, besteak beste, herritarrekin batera pankartaren atzean.
Plazara iristeko iskilaren aurrean elkartu dira, eta aurreko asteburuko erasoak salatu eta erasotuak izan ziren emakumeei babesa adierazi diete herritarrek. Elkarretaratzean aipatu dutenez, erasotzaileen jarrera ez ezik, “horiei babesa ematen dietenen jarrera” ere salatu dute, “egoeraren aurrean ezer ez egin eta gainera barre egiten dutenak ere erasoen konplize” direlako.
Horregatik, “erasoen aurrean tolerantzia zero” edukitzeko eskatu dute, eta “hori guztion ardura” dela esan dute. “Jaiak jendarte aske eta parekide baterako gune” izan behar dutela eskatu dute, eta halako egoerei “aski da” esateko unea iritsi dela azpimarratu.
Ordiziako Udalak ere festak erasorik gabeko gunea izatea nahi duela eskatu du, “emakumeak jaiak askatasun osoz gozatzeko eskubidea” duela gogoratuz.
Erlazionatutako edukiaFestetan izandako hainbat eraso sexista salatu dituzte Ordizian