Europa ia osoa zeharkatu ondoren, irailaren 28an iritsiko da Euskal Herrira Emakumeen Mundu Martxa. Goierri ere bisitatuko du: urriaren 2an, Beasaina iritsiko da.
Ordizian, Barrenako parkean, Mundu Martxari atxikimendua adierazteko ekintza sinbolikoa egin dute gaur iluntzean. Hainbat eragile eta norbanako elkartu dira egitasmoarekin bat egiteko.
Aurtengo Martxaren gai nagusia elikadura subirautza da. Era horretan, elikadura subirautzan parte hartzen duten emakumeak omendu nahi dira. Ordizian landaketa sinboliko bat egin dute. Lurra bota, haziak erein, ureztatu eta parte hartzaileek idatzitako mezuak sartu dituzte lorontzian.
Beasainen ere postua jarri dute Kale Nagusian, informazioa zabaldu eta kamisetak eta poltsak saltzeko.
Emakumeen Mundu Martxa
Emakumeen Mundu Martxak 1995ean du jatorria. Quebeceko emakume mugimenduak martxa bat egin zuen, Ogiaren eta Larrosen Martxa, eta 15.000 pertsonek parte hartu zuten. Martxak eragin handia izan zuen nazioartean eta hori dela eta, 2000. urtean martxa modu zabalean deitzea erabaki zuten. Martxaren helburua, mundu mailan demokrazia, itxaropena, berdintasuna eta bakea aldarrikatzea zen.
Martxa antolatzearen zergatiak honokoak izan ziren: “Emakumeak zirelako politika neoliberal basatien biktima nagusiak, herrialde askotan emakumeak ari zirelako oinarrizko eskubideen alde borrokan, emakumeen kontrako indarkeria areagotzen ari zelako eta errealitate horiei guztiei aurre egin behar zitzaielako”.
Aurtengo Emakumeen Mundu Martxa martxoaren 8an abiatu zen Kurdistandik eta Europa osoa zeharkatu ondoren, urriaren 17an amaituko da Coimbran, Portugalen. Euskal Herrian irailaren 28tik urriaren 4ra bitartean ibiliko da. Goierrira urriaren 2an iritsiko da. Geure gorputzak, geure lurraldeak da aurtengo leloa.
Lau helburu ditu aurtengo egitasmoak:
Ikusaraztea eta salatzea. Emakumeek bizi duten askotariko indarkeria motak ikusaraztea eta salatzea, zapalkuntzak sustatzen dituzten eragileak identifikatuz.
Sustatzea eta ikusgai egitea. Sistema kapitalista, patriarkal, arrazista eta heteronormatibo bati kontrajarrita emakumeek eraikitzen ari diren alternatibak sustatzea eta ikusgai egitea, elkartasuna, poza eta sormena sendotzen duten ekintzekin, eta emakumeak kalera irtetea eta manifestatatzea sustatuko dute ekintzekin.
Munduari erakustea. Munduari erakurtsi nahi diote emakumeak erresistentzian ari direla eta ez dutela amore emango beraien gorputzen gainean erabaki ahal izan arte.
Indartzea eta zabaltzea. Komunitateetatik abiatuta, tokikotik, nazionaletik, eskualdekotik eta nazioartekotik, kaleko ekintzekin, emakume gehiagok parte hartuta, hezkuntza politikoarekin eta beste jendarte mugimendu batzuekin elkarlanean indartu eta zabaldu nahi dute.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.