Bi hamarkadaz karguan izan den Jose Maria Baztarrika ordezkatu du. Teknologiaren eta nazioartekotzearen aldeko apostuarekin jarraituko du
Beasaingo CAF enpresak presidente exekutibo berria du atzoz geroztik: Andres Arizkorreta. Atzo bildu zen administrazio kontseiluak aho batez onartu zuen orain arte CAFeko kontseilari ordezkaria izan denaren izendapena, aurreko presidente exekutibo Jose Maria Baztarrikak karguari uko egin eta gero.
Administrazio kontseiluak jakinarazi duenez, Arizkorretaren izendapenarekin aro berria irekitzen da CAFen, eta konfidantza osoa du Baztarrikak enpresako exekutibo goren gisa garatutako ibilbide luze eta arrakastatsuaren jarraipena izango dela. Ildo beretik, Baztarrikak bere agintaldian enpresa eraldatzeko eta nazioarte mailan zabaltzeko egindako lana goraipatu du.
Nazioarte mailako enpresa
Baztarrikak, CAF-en egoera hobetu zuen plan estrategikoa jarri zuen martxan 90eko hamarkadan. Bi helburu nagusi ezarri zituen: akziodunen egonkortasuna alde batetik, eta teknologiaren eta nazioartekotzearen aldeko apostua bestetik. Lehena, euskal aurrezki kutxen bitartez lortu zen, horrela langileek enpresan parte hartzea ahalbidetuz. Bigarren helburua aldaketa sakon baten ondotik bete da, eta gaur egun CAF nazioarte mailan lan egiten duen enpresa da. Gainera, berrikuntzan eta teknologian oinarritutako jarduera garatzen du. Horren ondorioz, CAFeko emaitzek etengabeko hazkundea lortu dute urte hauetan.
Proiektuaren jarraipena
Arizkorreta 1980an sartu zen CAF-en, eta bertan garatu du bere lan jarduera osoa. 2006tik atzora arte kontseilari ordezkaria izan da. Orain, kargu berritik, enpresa proiektua garatzen eta indartzen jarraituko du.