Galdeketaren atarian
Igandean aukeratuko dute ordiziarrek organikoa eta errefusa txipdun edukiontzietan edo atez ate jaso nahi dituzten. Alderdi guztiak bat datoz helburuan: gaika %85a birziklatzera iristea
EAJ
Sistema mistoa ez da soluzioa EAJren ustez
Herritarrei bidalitako oharrean EAJk azaldu du bozketan ordiziarrek «gehien komeni zaien» sistema bozkatuko dutela. Aurreko legegintzaldiari ere egin die erreferentzia. Atez ateko sistema ez dago aukeren artean eta hala azaldu du alderdiak: «jakin badakite EH Bilduk sistema ez dela bideragarria». Gainera, nabarmendu du EH Bilduk ez duela aukeren artean «jarri ere nahi izan bere kabuz ezarri izan duen sistema». Txipdun edukiontzien bilketan oinarritutako sistemaren alde dago EAJ, eta horren aldeko botoa eskatu du.EH BILDU
Sistema ez da helburua, bilketa tasa baizik
Ordiziako EH Bilduk erantzuna eman dio EAJk ateratako oharrari. «Kuriosoa» dela azaldu du EAJk ez duela Hondakinen Mahaiaren inguruko erreferentziarik egin, eta hori ez dela «EH Bilduren eta EAJren arteko auzia, guztiona baizik», jakinarazi du koalizioak. Helburua sistema bera ez dela azaldu du, helburua gutxieneko gaikako bilketa tasa %75ean mantentzea, eta %85era heltzea baizik. «Adostasuna» lortzeko bi aukera horien artean erabaki beharko dute ordiziarrek. Bilketa mistoaren aldeko apustua egiten du EH Bilduk. Bestalde, koalizioak gogorarazi du merkataritza eta ostalaritzan gaur egungo atez ateko bilketak jarraituko duela, Sasietako irizpide teknikoek hala hobesten dutelako.ORDIZIA ORAIN
Kalitatezko %85eko bilketa lortzera behartuta
«Esfortzuak batzeko garaia da», azaldu du Ordizia Orainek udal aldizkarian. Garrantzitsuena ingurumena dela, eta hondakin hoberena sortzen ez dena dela adierazi du. Birziklatzean, berriz, ingurumena errespetatu, etorkizuneko belaunaldiekin arduraz jokatu eta kostua murrizten dela ere ageri du alderdiak.PSE-EE
Sistema efiziente, eroso eta eraginkorraren alde
Ordiziako sozialistek adierazi dute zabor bilketa sistema eraginkorra, efizientea, erosoa eta herritarren artea erabakitakoa defendatzen dutela, «ez inposatutakoa». Horregatik, edukiontzi kolektiboen bidezko sistema babestuko dute.IRABAZI ORDIZIA
Erabakitzeko nahia errealitate bihurtua
Irabazi Ordiziak azaldu du ordiziarrek nahia zutela sistema aukeratzeko, eta hala egingo dutela. Zoriondu egin ditu alderdi politikoak eta Hondakinen Mahaia, adostasuna lortzeagatik gai horren inguruan.LAB
Bi lanpostu desagertzear, edukiontzi sistemarekin
Sasieta Mankomunitateak egin duen bi sistemen balorazio ekonomikoaren azterketaren arabera, LABek azaldu du bi lanpostu desagertzear daudela edukiontzi sistemaren alde egiten bada. Bozketako emaitza edozein izanda ere lanpostu horiek mantentzeko eskatu die Sasieta Mankomunitateari eta Ordiziako Udalari. Sistema mistoaren aldeko botoa eskatu du LABek.BOZKETA MODUAK · Martxoak 13. 09:00etatik 20:00etara. 4 mahai egongo dira: Institutuan, Urdaneta ikastetxean, Lukusain plazan eta udaletxean. · Aurretiazko bozka. Gaur azken eguna. 09:00etatik 15:00etara arreta bulegoan, eta 15:30etik 20:30era Udaltzaingoan. · Mugikortasun murritza. Mugikortasun murritza dutenek eskaera gaur egin dezakete arreta bulegoan edo telefonoz. Eskaera egin eta udal langilea etxera joango da bozkaren bila 9:00etatik 15:00etara.