Euskal Gaztaren Azoka egingo dute Idiazabalen, maiatzaren 6 eta 7an
Maiatzaren 6 eta 7ko asteburuan, Euskal Gaztaren Azoka egingo dute aurrenekoz Idiazabalen. Udalak azaldu duenez, “azken hemeretzi urte hauetan egin den Gaztaren Egunaren luzapen eguneratua eta berritua’ izango da azoka hori. Ospakizun berri hori “Euskal gaztaia, euskal paisaia” lemapean egingo dute, “euskal gaztaren filosofia eta errealitatea” erakusteko; lau oinarri nagusi landuko dituzte horretarako: paisaia, ardi latxa, artzaina eta gazta.
Azoka larunbatean egun osoz eta igande goizez egingo dute. Bertan, euskal gazta mota ezberdinak izango dira, horien artean hiru jatorri izendapenetakoak. Datozen asteetan emango dute azoka horren inguruko berri gehiago, egitarau zehatzarekin batera.