Amiantoaren biktimei omenaldia egin diete CAF-en
Amiantoaren biktimei omenaldia egin diete gaur goizean, Beasainen, CAFeko sarrera nagusiaren ondoan dagoen amiantoaren biktimen omenez eginiko monumentuan. CAFeko langile izandako Jose Luis Vicente eta Jose Antonio Barandiaran zendu dira dela gutxi, eta haien oroimenez ekitaldi xumea egin dute CAFeko langile, bi langile ohien familiakoek eta gerturatu diren hainbat herritarrek.
Ekitaldiari hasiera emateko, CAFeko enpresa batzordeko ordezkariak, Iban Pajaresek, familiari zuzendutako hitz batzuk irakurri ditu. Jarraian, minutu bateko ixilunea egin dute. Bi hildakoen familiek lore eskaintza egin ere egin dute segidan. CAFeko langile diren Eduardo Gil eta Eider Ormazabalek, Martxa baten lehen nota abestia kantatu dute. Azkenik, enpresa batzordeko ordezkariak hartu du hitza berriro ere amiantoagatik gaixotutakoek eta hildakoek bizi duten egoera salatzeko.
31 hildako
Beasaingo CAF lantegian, dagoeneko 31 langile dira. Beraien lanpostuetan amiantoa erabiltzearen ondorioz hildako langileak dira eta beraien heriotza, amiantoa manipulatzeak eragin duenaren errekonozimendua lortutakoak.
Horregatik, CAFeko enpresa batzordeak «gai honen aurrean enpresak duen jarrera salatu» dute, «gaixo eta hildakoengatik laguntzak eskatzeko jartzen dituzten oztopoengatik». Horrez gain, «administrazioaren jarrera itxia ere salatu» zuen enpresa batzordeak. Izan ere, «biktimak laguntzeko bideak zaildu eta Europako beste hainbat herrialdetan funtzionatzen duten konpentsazio fondo baten sorrerari eragozpenak jarri dituztelako urtez urte».