Beasaingo kale bat, Amiantorenei eskulturatik begiratuta
CAFeko langile ohi batek duen mesotelioma pleurala laneko gaitza dela ebatzi du Donostiako Lan Arloko 2. Epaitegiak. Erabateko ezgaitasuna aitortu diote, eta ondorioz, laneko gaixotasunengatik jaso daitekeen gehienezko pentsioa jasoko du.
Asviamie elkarteak jakinarazi duenez, Mikel A. –abizenik ez dute eman– 14 urterekin hasi zen CAFen lanean, eta erretiroa hartu bitartean, bertako postu askotatik pasa zen, tartean, amiantoarekin lan egiten zutenak. Azken 20 urteak biltegiko kalitate kontrolak egiten pasa zuen.
2016an atzeman zioten mesotelioma bifasikoa; eta gaitz horren eragile ezagun bakarra, elkartearen arabera, amiantoa da. Gizarte Segurantzak ordea, ukatu egin zuen laneko gaixotasuna zenik, CAF lantegiak ez baitzuen Mikel A. amiantoarekin lanean aritutakoen zerrendan sartu. Osalanek arrisku hori balizkotzat jo zuen, baina Gizarte Segurantzaren arabera, langileak ez zuen behar bezala eta zalantzarik ez uzteko moduan frogatu amiantoarekin kontaktuan lan egin zuenik.
Asviamie elkarteak auzitara jo zuen, eta Lan Arloko Epaitegiaren sententziak arrazoia eman die langileari eta elkarteari. Gaitz hori, Gaixotasun Profesionalen Zerrendan jasota dagoela dio epaiak, eta bai Osalanen txostenak eta bai lankide baten testigantzak, amiantoarekin lan egin zuela eta esposizioa agerikoa dela frogatzen dutela.
Asviamie amiantoaren biktimen senideen elkarteak poza agertu du epaiaren berri jakin berritan. Horrekin batera, “enpresen, mutuen eta Gizarte Segurantzaren artean amiantotik eratorritako lan gaixotasunak ezkutatzeko pakto bat” dagoela salatu du. CAF enpresak, material horrekin lan egin izanak eragindako “hildako eta kondenen historial zabala” duela gogorarazi du elkarteak. Enpresan lanean 45 urte egin dituen eta gaixotasun terminala duen langile bati, amiantoarekin lan egin duela zalantzarik gabe froga dezala eskatzea “zinikoa” dela uste du.
Hori guztia dela eta, amiantoarekin lan egin izan duten guztiei, beraien izenak Osalanen amiantoaren eraginpekoen zerrendan sar ditzatela eskatzeko deia egin diete, laneko gaixotasun diagnostikoaren zain egon gabe.