Aniztasunean ‘trans-formatuz’
HiKiru taldeak 'Trans-formatzen' dokumentala estreinatuko du asteartean, Beasainen. Hezkuntza arloa eta, oro har, gizartea bera heztea da helburua
“Aberastasun ondarea da Mikele [Grande] ezagutzea, eta aprobetxatu egin beharra zegoela ikusi nuen”
Ekaitz Goikoetxea (HiKiru)“Material aldetik, horrelako gaiak jorratzeko gabezia handia dago hezkuntzan, eta are gehiago euskaraz”
Garazi Zabaleta (HiKiru) 40 minutuko testigantza eta bizipen sorta bildu dute dokumentalean. “Material gehiago ere bageneukan, baina garrantzitsua da helburua zehaztea. Testigantzak jasota, mezua errazago iristen da testigantza horiek daukaten gizatasun horretatik”. Testigantzak jasoz eta informazioa bilduz, gertutik hainbat egoera ezagutzeko aukera eskaini dute, gogoeta egitea gonbidatuz. Ertz askotatik landu dute gaia, hainbat pertsonaren laguntzarekin: “Askotariko bizipenak jasotzen saiatu gara; bai prozesua oso ondo barneratu dutenena, baina baita infernua bizi izan dutenena ere”. Ondorengoek parte hartu dute proiektuan: Mikelek berak eta haren gurasoek, Aingeru Mayor eta Edurne Koch Chrysallis elkarteko kideek, Susana Asiain antropologoak, Erika Salvatierra sexologoak, Marijo eta Maddi Imazek, German Urteagak, Maria Amolategik eta Kai Etxanizek. Ele bitan dago dokumentala, euskaraz eta gaztelaniaz, hizlari batzuek ez dakitelako euskaraz. Hori bai, euskaraz dago hezkuntzara bideratutako unitate didaktikoa, D eredurako prestatu baitute. “Material aldetik, horrelako gaiak jorratzeko gabezia handia dago hezkuntzan, eta are gehiago euskaraz”, azaldu du Zabaletak. Baina aniztasunaren formakuntza ez denez ikasgeletara soilik mugatzen, gizarte guztia eduki dute gogoan dokumentalean, “guztiek transformatu beharra daukatelako”. Zabaletaren esanetan, jendeak, oraindik ere, ez dauzka oso argi zenbait kontzeptu. “Eta landu egin behar da arlo hori, sakondu eta aniztasunaren berri izan, bere aberri garela ohartzeko”. Diskurtsoa, iraunkorragoa “Eraginkorragoak eta iraunkorragoak” izatea ere komeni dela uste dute hirurek: “Askotan, momentu jakin batzuetan, badaukagu diskurtso landu samar bat. Ekairena gertatu zenean [bere buruaz beste egin zuen Ekai Lersundi 16 urteko gazteak] edo Hazte Oir plataformaren autobusa etorri zenean… Baina horrelako gaietan askoz iraunkorragoak izan behar dugula uste dugu”. Horregatik, hezkuntza arloak eta gizarteak eskutik joan behar dutela uste dute hirurek, eta Beasain jarri dute eredu gisa: herritarrentzat eta ikasleentzat saioak antolatu dituzte bertan: “Kontua ez da dokumentala aurkeztea soilik; aurrez eta ondoren ere landu nahiko genuke gaia, gizarte mailan, eta, zer esanik ez, hezkuntza arloan”. Une oro landu beharreko gaia dela uste dute, “horrelako kasuei aurre hartzeko, lantzeko, prest egoteko, eta aniztasuna bere adiera guztietan onartzeko”.Gizarte gaiekiko konpromisoa du HiKiru taldeak
Gogoetak, ongizatea eta artea uztartu eta bultzatzeko sortu dute HiKiru taldea. Hezkuntzak dituen gabeziez ohartuta, bere ekarpena egin nahi du, material didaktikoa sortuta. Kideen esanetan, kasu honetan aniztasunaren aldeko mugimenduarentzat baliagarri izan daitekeen unitate didaktikoa sortzea izan da taldearen ekarpena. Hala ere, transexualitatetik harago, gizarte egiturarekiko hausnarketa bideratu nahi izan dute, hezkuntzaren sarean erabilgarritasuna nahiz eraginkortasuna bilatuta.