CAF-ek 67.000 euro ordaindu beharko dizkio amiantoagatik hildako langile baten familiari
Amiantoak eragindako gaitz bategatik hil zen langilearen emazteari eta semeei 67.103,88 euroko kalteordaina ordaindu beharko die CAF S.A. enpresak. Hala ebatzi du Donostiako lan-arloko 5. epaitegiak. Fermin HG, 87 urterekin hil zen 2015eko otsailean, Mesotelioma Pleural gaitzak jota. 1952 eta 1990. urteen artean lan egin zuen CAFen, amianto zuntzen eraginpean.
CAF enpresa 1986an sartu zen RERA (Amianto arriskua duten enpresen erregistroa), baina Asviamie elkarteak azaldu duenez “ez zituen zegozkion segurtasun eta garbitasun neurriak bete”. Lokalen garbiketa modu egokian ez egitea edota zegozkien ingurumen neurketak eta osasun azterketak ez egitea leporatzen diote enpresari. Enpresak ordea, ukatu egin zuen langileak amiantoaren eraginpean lan egin zuenik.
Epaiak frogatutzat ematen du CAFek ez zituela segurtasun eta garbitasun neurri horiek bete, eta langileak amiantoaren eraginpean lan egin zuela. Gainera, Segurtasun Sozialak, laneko gaixotasunak eragindako erabateko ezgaitasuna aitortu zion 2014an. Hori guztia dela eta, hildako langilearen senideei 67.103,88 euroko kalteordaina ematera zigortu du epaitegiak.