Artista lagunari gorazarre
Carlos Ausserladscheider (Legazpi 1952-Iruñea 2018) artistaren margolanak ikusgai daude Katilun eta Jun Kruz ile-apaindegian. Martxoaren 16an topaketa egingo dute hark sortutako Txo! kolektiboko kideek sustatuta.
Biniloa A aldea. Carlos Ausserladscheider-en etxea biniloen santutegia izan zen behinola Legazpin. Hark ireki zion rock musikari herriko atea eta gaueko ordu txikietan, haren ama lotan zegoela, dozena bat gazte biltzen zen Kale Nagusiko bere etxean biniloen jira-birari zerion musika berri hura entzuteko. Haien artean zegoen, esaterako, Hertzainak musika taldea osatuko zuten gazte pare bat. Gau haien kontakizuna Gorka Salmeron argazkilari legazpiarrak egin du.
Carlos Ausserladscheiderren binilo bilduma egon badago eta Txo! Kolektibotik gonbidapena egin dute martxoaren 16an Legazpiko Azokan egingo duten topaketan norbaitek DJ lana egin eta haren musika lau haizeetara zabal dezan.
Margolanak. Egunotan Legazpiko Katilu tabernan eta Juan Kruz ile apaindegian Ausserladscheiderren margolanen erakusketak ikus daitezke. Op-Art edo arte optikoa, kaleidoskopioaren barrura egindako begirada dirudite.
Salmeronek dioenez, «maisu handia izan zen, baina haren lanek ez dute izan merezi duten errekonozimendua». Orain, legazpiarrek badute aukera margolanak ikusi eta haren obra miresteko.
Txo! Kolektiboa. 1990ean sortu zuen Gorka Salmeronekin batera. Orduz geroztik kolektiboko artista kopurua hazi egin da eta asko dira haien lanen erakustoki izan diren geografiak, izan hurbilekoak nola urrunekoak. Txo! Kolektiboko kideak ez dira bakarrik legazpiarrak, baina haien artean legazpiar direnen zerrenda egin liteke: Olatz Goiburu, Jaione Berasategi, Juan Mari Burguera, Lierni Irizar, Oskar Abad, Roberto Oria, Jon Mikel San Migel eta Susi Jorge, besteak beste. Ausserladscheider aurreko abenduan hil zenean kolektiboak bi erakusketa zabalik zituen; bata Hernanin eta bestea Miarritzen (Lapurdi).
Kolektiboko kideak dira martxoaren 16an egingo duten topaketaren erregaia. Haien ekimenez jarri dituzte artistaren obrak Katilun eta Juan Kruzen ile-apaindegian. Martxoaren 16an bietan dauden margolanak Azokara eramango dituzte eta, bide batez, haren obrak dituztenei eskaera luzatu diete Azokara eraman ditzaten katalogo bat egiteko asmoa baitaukate. Salmeronek azpimarratu du oso garrantzitsua dela Aussarladscheiderren «harik eta obra gehien biltzea». Txo! Kolektibokoek euren lanak ere erakutsiko dituzte, lan bat artista bakoitzeko, zeren bina eskatu zizkieten arren, hainbestek parte hartu nahi dute obra bakarrerako tokia baino ez dutela.
Biniloa B aldea. Musikak tokia izan dezala nahi dute martxoaren 16ko topaketan. Aussarladscheiderrekin biniloak ordu txikietan partekatu zituen Luis Javier Sainz Txanpi-ri (Hertzainak taldeko bateria jotzailea eta egun Doctor Deseoko-a) gonbitea luzatu diote.
Saraga Mapadani. Idazteko erabiltzen zuen ezizena da. «Ez naiz deitu nuen ala ez akordatzen; baina hautsontziak atea ireki zidan. erretzen ez nengoenez, estropezu egin gabe sartu nintzen (…) Ilargi izpi batek zapla jo zidan eta istant batez bakea berreskuratu nuen».
Laburpena. Legazpi Aussarladscheiderren obraren erresonantzia kaxa bilakatu dute.