Legazpin, festa giroari heltzeko prest
Gaurtik igandera ospatuko dira Santikutz jaiak. Festa hasierako pregoia Julian Armendarizek irakurriko du, 19:00etan. Hortik aurrera, ekitaldiz beteriko egitaraua dator.
Orduak besterik ez dira falta Legazpiko Santikutzak hasteko. 19:00etan da hitzordua plazan, eta udaletxeko balkoian Julian Armendariz Alaitasuna errondailako kideak pregoia irakurri eta txupina bota ondoren, festa lehertuko da herrian. Gaur hasi eta igandera arte, jarraian ospatuko dira aurtengo jaiak.
Festetako zapia lepoan dutela, legazpiarrak prest daude jaietaz gozatzeko, eta aterkia ere eskura dute, badaezpada, eguraldi iragarpenak ez direlako oso onak. Udalak ere baditu izendatuta ordezko festaguneak euriak zapuztu ez ditzan prestatutako ekitaldiak. Azoka eta Urbeltz pilotalekua izango dira gune alternatibo horiek.
Musika, kirola, tradizioa…
Baina euria alde batera utzita, ez baita segurua egingo duenik, bestelako protagonistak izango ditu udalak herriko elkarteekin batera antolatu duen egitarauak. Ekitaldiak ere, era askotakoak izango dira, eta musikak, kirolak eta tradizioak lekua izango dute, beste behin ere.
Musikaz, herriko eta kanpoko hainbat talde arduratuko dira, eta kalea, plaza eta txosnagunea girotzea izango dute eginkizun nagusi. Herriko taldeak azpimarratu behar dira aurten ere, jaiak alaitzeko prest izango direlako musika banda, dultzaineroak, errondaila eta musika eskolako ikasleak, Anker eta Browstons taldeekin, Xaukena elektrotxarangarekin eta Trapalata taldearekin batera.
Kirola, berriz, bolen, xakearen, Santikutz txirrindularitza klasikoaren, pilotaren eta goitibeheren esku egongo da. Aurten motoziklismoak ere izango du lekua, mundu mailan lehian ari den Xabi Zurutuza moto pilotu gazteak tartetxo bat hartu duelako herritarrekin egoteko, larunbatean.
Tradizioak ere ez du hutsik egingo, eta baserritarren egunak, Santikutz eguneko ezpata-dantzak eta Mirandaola eguneko ekitaldiek osatuko dute horri dagozkionak. Tradizioaren atalean kokatu behar da Olaria saria ere, maiatzaren 3ko ezpata-dantza ekitaldian zehar entregatuko dena; aurten Iratzarri emakume elkarteak eta Javier Iraeta kirol sustatzaileak jasoko dute.
Berritasunak
Osagaiez gain, aurtengo Santikutzek badituzte berritasunak ere. Horien artean dago jaietako zapia, oraindik Kultur Etxean erosi daitekeena, 2 euroan. Herri danborradak, bestalde, hirugarren adarra izango du Bikuña-enean eta Plazaola kalean, eta txosnagunea Azokan egongo da, barrakei leku gehiago utzita.