Urretxuko ofitarekin egindako platerak
Joseba Lekuona artista nafarrak platerak egiten ditu Euskal Herriko harriekin. Urretxuko harrobiko ofitarekin ‘Urretxuko sumendia’ izeneko plater jokoa egin du. Donostiako Maria Cristina hoteleko Lukas dendan dago salgai.
Urretxutik Azkoitira bidean 100 urte inguru dituen harrobi bat dago. Bertako ofita oso preziatua da. Urolako trenbidean erabili zen eta egun AHTren trenbidean erabiltzen da. Oso gogorra denez, gainean trenbide-trabesak jartzeko oso aproposa da. Baina beste erabilpen batzuk ere baditu. Joseba Lekuona artista nafarrak platerak egin ditu Urretxuko ofitarekin. Donostiako Maria Cristina hoteleko Lukas Gourmet Shop dendan saltzen dituzte.
Lekuona iruindarra da jaiotzez. Egun, Donostian bizi da. Hargina da lanbidez. “Duela 30 urte ikasi nuen ofizioa, Iruñeko lantegi eskolan. Horrelako ofizioak ez daude araututa. Ofizio galdua da ia. Lau katu gelditzen gara”, kontatu du.
Hargintzaren arlo guztiak landu ditu, baina egun eskulturak egiten ditu batez ere. “Artisautza, etnografia… gustatzen zaizkit. Erabilera izango duten diseinu onak egitea gustatzen zait. Mugaritz jatetxeko ikerketa eta garapen sailekoekin lanean hasi nintzen eta sormen aldetik oso aberasgarria izan zen·. Mugaritzen eta Helene Darroze sukaldari frantziarraren Pariseko eta Londreseko jatetxeetan Lekuonak egindako platerak erabiltzen dituzte.
Lekuonaren platerak Maria Cristina hoteleko Lukas dendan eros daitezke. “Bertako gastronomia ezagutzera datozenei zuzenduak daude, batez ere. Euskal Herriko aberastasun geologikoa erakusten dut. Turistei hemengo harrobietatik ateratako harriekin eginda daudela kontatzen diet”.
Makina bat tokitako mineralekin egin ditu platerak: Induraingo (Nafarroa) kalkarenita harriarekin, Eratsungo (Nafarroa) marmol zuriarekin, Debako (Gipuzkoa) marmol gris morearekin, Baztango (Nafarroa) hareharriarekin, Igantziko (Nafarroa) marmol urdinarekin, Markinako (Bizkaia) marmol beltzarekin, Turkiako hareharriarekin, Almeriako (Espainia) Macael herriko marmol zuriarekin, Zaragozako (Espainia) Calatorao herriko marmol beltzarekin, Italiako Carrara herriko marmol zuriarekin… eta Urretxuko ofitarekin, noski. Guztiak hartea.net webgunean ikus daitezke. Guztiei izen poetikoak jartzen dizkie.
«Bertako gastronomia ezagutzera datozenei zuzenduak daude platerak, batez ere. Euskal Herriko aberastasun geologikoa erakusten dut»
«Euskal Herriko toki gutxitan ateratzen da ofita. Mugaritz jatetxekoekin lan egin nuenean, sukaldarientzat oso interesgarria dela ikusi genuen»
Joseba Lekuona. Hargina
Ofita ez da luxuarekin eta artearekin lotzen, baina berak marmolaren pare jarri du. “Euskal Herriko toki gutxitan ateratzen da ofita. Mugaritz jatetxekoekin lan egin nuenean, sukaldarientzat oso interesgarria dela ikusi genuen: oso gogorra denez, tenperatura oso altuak jasaten ditu eta jakiak bero mantentzen ditu. Gainera, estetikoki polita da: berde eta gris tonu ezberdinak eskaintzen ditu”, azaldu du Lekuonak. Urretxuko sumendia obrak sei ontzi ditu, gehi oinarri ahurra. Kanpoaldeak akabera latza du eta barnealdeak leuna.
Baina, zergatik da horren gogorra ofita? Sumendi batetik ateratako harkaitz mota bat delako. Duela 90 milioi urte Afrikako eta Europako plakek talka egin zuten eta Pirinioak sortu ziren. Talka hark Urretxun ere eragina izan zuen: garai hartan inguru hau urpean zegoen eta talka haien eraginez laba isurpenak egon ziren. Laba hura, uretara ateratzean, hoztu egin zen.
Hozterako orduan presio handia jasan zuenez, oso konpaktua da. Hala, ofita zoru gogorrak egiteko dagoen material onenetako bat da. Lantegietako zoruak eta errepideak egiteko erabiltzen da, adibidez. AHTren zorua egiteko ere bai. ADIF Urretxuko harrobiaren bezero garrantzitsuenetako bat da. Urretxuko elizako zorua ere harri horrekin egin zuten. Horren material gogorra izanik, Lekuonari lan handia eman dio. “Lan egiteko orduan, denbora gehiago eskatzen du. Erreminta ondo kontrolatu behar da, ez puskatzeko. Leuntzea asko kostatzen da, baina oso fin gelditzen da”.
Euskal Herrian geroz eta harrobi gutxiago daude, ordea. “Desagertzen ari dira, errazagoa baitzaie harriak munduko beste puntatik ekartzea. Garai batean, Mutrikun sekulako marmol pila atera zen eta horrekin Donostia eraiki zen. Eta Donostiako Kontxa hondartzako barandaren azpiko harriak Debatik ekartzen dituzte”. Urretxuko harrobia ere zabalik da oraindik. “Aspaldi nuen bere berri. Duela 20 urte baino gehiago Urretxuko mineralen eta fosilen ferian parte hartu nuen. Gainera, nire lanbidea dela eta, ezinbestekoa da altxor horren berri izatea”. Eta bertatik ateratzen duten ofitarekin, Urretxuko Sumendia izeneko platerak egin ditu. 90 milioi urte duten platerak.