«Hilero munduko txapelketa bat jokatzea bezala da World Seriea»
Seveneko Europako txapelketa jokatzen ari dira Amaia (1997) eta Lide Erbina (2000) ordiziarrak Espainiako selekzioarekin. Lidek errugbia utziko du, berriz ere ikasketei heltzeko.
Batetik bestera zabiltzate urte guztian. Kroazian izan zarete azkena, Europako txapelketako lehenengo zatia jokatzen. Bigarrena non izango duzue?
Amaia Erbina: Hamburgon, Alemanian. Lehenengo egoitza Kroazia izan zen eta orain, ekaineko azkeneko astean, bigarrena Hamburgo. Bi jardunaldietako emaitzak hartzen dira kontuan sailkapena egiterakoan.
Lide Erbina: Olinpiar jokoak gerturatzen direnean balio izaten du sailkapen prozesurako baina aurten beka aldetik dauka eragina. Europako txapelketan dominaren bat lortzen baduzu, diru laguntzak izaten dira taldearentzat.
Parisko Olinpiar jokoetarako ez zaudete sailkatuta, ezta?
L.E. Europako Jokoak deitzen zaienean galdu genuen aukera, Polonian, pasa den urtean. Gogorra izan zen galtzea, egia esan. Torneoa oso ondo zihoan, baina partida garrantzitsuenean, «erraz» geneukanean, joan egin zen.
A.E.: Inoiz baino eskuragarriago zegoen postua, Irlanda eta Frantzia sailkatuta zeuden. Hutsik egin ezin zitekeenean huts egin genuen. Final laurdenetan, Txekiaren aurka. Berez, gu baino maila baxuagokoak dira, baina galdu egin genuen. Entrenatzaileak erabaki zuen nahiko talde gaztea ateratzea titular, eta 14 minututan partida galdu genuen. Inoiz jaso dugun mailukadarik handiena izan zen. Beste lau urte itxoitera.
Amaia, zu zeu Rioko Olinpiar jokoetan izan zinen.
A.E.: Rioko jokoetan 19 urterekin egon nintzen. Denek esaten zidaten joko asko geratzen zitzaizkidala eta aukera izango nuela errepikatzeko… Ba begira, Tokiko jokoetatik kanpo geratu ginen, Pariskoetatik ere bai… 8 urte pasatu dira eta ez da berriro errepikatu. Gustatuko litzaidake, erretiratu aurretik beste joko batzuetan izatea. Ea Los Angelesen (AEB) izaten den. Hori izango da azkeneko aukera.
«Gustatuko litzaidake erretiratu aurretik beste Olinpiar Joko batzuetan parte hartzea»
Amaia Erbina
Zazpiko errugbian zabiltzate. Hamabosteko errugbia baztertuta daukazue?
A.E.: Bai, badira urte batzuk. Garai batean bietan jokatzen genuen, baina Sevenean gero eta torneo gehiago daude. Lehen sei genituen, orain zortzi… Sevenen zentratu nahi baduzu, hobe da gauza batean egotea bakarrik. Seveneko World Serieak beste mundu bat da, izugarrizko maila dago.
L.E.: Bietan gehiegi da. Hainbeste txapelketekin atseden hartzeko denbora gutxi geratzen da. Fisikoki ere desberdina da.
Sevenekoak badu beste bereizgarri bat: ez dago beste klub batean jokatu beharrik, hamabostekoan bai. Azken batean, zuen taldea Espainiako selekzioa da.
A.E.: Bai. Sevenean hilabetean gutxienez torneo bat daukagu. Denboraldia 9-10 hilabetekoa da. Urrian hasten gara aurre denboraldiarekin eta azaroan hasten dira txapelketak, gelditu gabe. Seveneko selekzio guztiak horrelakoak dira.
Nola joan da World Series denboraldia?
A.E.: World Seriea oso gogorra da. Munduko hamabi talde onenen liga da World Seriea, top 12. Gu 12. postuan geratu gara, asko sufritu dugu. Orain pasatzen ari gara denbora bat, non selekzio guztiak asko ari diren inbertitzen eta hobetzen, eta gu ari gara hobetzen, baina askoz ere polikiago. Orduan geroz eta gehiago ari gara sufritzen maila horretan. Aurten gure helburua zen Madrilgo azken torneoan maila mantentzea. Hori lortu dugu. Oso pozik gaude, ez zen eta erraza.
L.E.: Dena partida batean erabakitzen zen Hego Afrikaren aurka. Presio asko zegoen. Partida hori galtzen zuena mailaz jaisten zen. World Serietan baino maila handiagorik ez dago beste inon. Hor egotea, izugarrizko garaipena da. Maila mantenduta, azkeneko bi Europako txapelketa hauetan gozatzen ari gara, lasaiago ari gara. Presiorik gabe.
«Errugbiak eman didana oso polita izan da, baina nire ibilbidea ere egin beharra daukat hortik kanpo»
Lide Erbina
A.E.: Oso-oso harro gaude egin dugunarekin. Ea datorren urteetan badaukagun aukera hobetzeko eta lasaiago ibiltzeko. Beti izan gara ekipo bat World Serietan sufritu duguna. Jendea ez da kontziente zein zaila den postuak eskalatzea. World Seriea da guretzat, hilabetero munduko txapelketa bat jokatzea bezala. Urte osoan munduko lehiaketarik onenean gabiltza.
Zein talde zaudete World Serietan?
L.E.: Hamabi taldeak Zeelanda Berria, Australia, AEB, Kanada, Frantzia, Irlanda, Erresuma Batua, Hego Afrika, Japonia, Brasil, Fiji eta Espainia izan dira. Hego Afrika jaitsi da, eta Txina igo.
2028ko Los Angelesetako olinpiar jokoetarako aukerarik ikusten duzue?
A.E.: 2027ko World Serietako sailkapenak edo rankingak balioko du plaza lortzeko. Lehenengo lauek plaza zuzena daukate. Guri interesatzen zaigu lehenengo lau postu horietan ahalik eta talde europarrik gehienak sartzea, gainerako plazak bere kontinentean lortzen baitu. Top 4 horretan Irlanda, Frantzia edo Erresuma Batua baleude, aurkari bezala ez genituzke edukiko.
L.E.: Gainera faena bat egiten digute. Izan ere, Europan talde asko gara- Amerikan Kanada eta AEB daude bakarrik, haiek ez daukate halako lehiarik. Afrikan Hgo Afrika bakarrik dago. Europako txapelketa askoz ere zailagoa da.
Bi ahizpak batera ari zarete.
A.E.: Madrilen polita izan zen elkarrekin jokatzea. Gainera deialdia zaila egon zen, oso estua. Biak deialdian egotea bakarrik handia izan zen eta elkarrekin jokatzea ere bai. Hala ere, azkeneko aldia izango da.
L.E.: Nik utzi egingo dut errugbia momentuz. Ikasketak amaitu nahi ditut. Errugbiak eman didana oso polita izan da, baina nire ibilbidea ere egin beharra nago hortik kanpo. Moda diseinua ari naiz ikasten. Lehen bi urte egin nituen eta orain beste bi falta zaizkit. Nahiago dut orain ikasketak bukatu, eta gero ikusiko dugu. Badakit errugbia hor egongo dela beti.
Nola daramazue hainbeste denboran etxetik kanpo egotea?
L.E.: Biok batera bizi gara Madrilen eta etxean egotea bezala da. Aurten gainera, pisu batean egon gara.
A.E.: Oso eroso egon gara, ez da erresidentzia batean egotea bezala. Gurasoak ere hilean behin ikusi ditugu… Urte polita izan da alde horretatik baita.
L.E.: Gainera beti jaso dugu etxekoen konfiantza, laguntza… Beraiek pozik daude gu hau egiten ari garelako, eta horrek lasaitasuna ematen du.