Gizaundi eta buruhandiekin lehertuko dira festak
Segurako Gizaundi taldeak izango du bihar arratsaldean San Joan jaietako pregoia irakurtzeko ardura. 2019an sortu zuen taldea herritar talde batek antzinako ohitura berpizteko asmoz.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/06/gizaundiak-segura.jpg)
Gizaundi taldea 2019an sortu zen hainbat segurarren ekimenez, antzinako herri usadioa berpiztu eta hari jarraipena emateko helburuarekin. Ordutik taldea haziz joan da eta urtetik urtera, ugaritu egin dira gizaundien agerraldiak Segurako kaleetan. Gaur egun, lau gizaundik eta bost buruhandik osatzen dute taldea eta beraiek ere protagonista izango dira, noski, San Joan jai hauetan. Gizaundi taldeak herriko kaleak alaitzea ez ezik, bestelako ardura ere izango du aurten, izan ere, beraiek dira jaietako pregoia irakurtzeko ardura izango dutenak.
Aitona txapel-gorria eta amona dira Segurako lehenengo gizaundiak, «haiek hondatu zirenean erosi zituzten gizon txinatarra eta amona zaharra», azaldu du Urtzi Intxausti taldeko kideak. Lambert Escaler i Mila (Villafranca del Panades, Bartzelona 1874, Bartzelona 1957) antzerkigile eta eskultoreak eginak dira biak ala biak. Buruhandi izateko sortu zituen, baina geroago, erraldoi itxura eman zien. El Ingenio katalogo ezagunean agertu ziren, amona zaharra 1931 urte inguruan, eta txinatarra 1940ko hamarkadan. Ez dago jasota Segurako Udalak noiz erosi zituen, baina datua ikertzen ari dira.
Lau gizaundiak elkarrekin
Segurako gizaundien historian, gakoetako bat da 1996 urtea ere. Ordu hartan, antzinako aitona txapel-gorria eta amonaren erreplikak egin zituzten. Harrez gero, 2019ra arte, urtero atera zituzten, txinatarra eta amona zaharra ordezkatuta. Herriko 14 urteko gazteek txandaka ateratzen zituzten gizaundiak urtero, harik eta 2019 urtean erreleborik gabe geratu ziren arte. Urte hartan, herriko hiru gurasok atera zituzten aitona eta amona Intxausti tartean zela. «Horrela hasi ginen», dio. Osasun larrialdia eta itxialdia etorri ziren gero, «txinatarra eta amona zaharra konpontzeko baliatu genuen», azaldu du. Hainbat dantza ikasteko tartea ere hartu zuten eta hala, 2022ko San Joanetan lau gizaundiak lehenengoz elkarrekin atera zituzten.
«Buruhandiek gizaundiak zaintzeko funtzioa betetzen zuten, inor gerturatu ez zedin inguruan ibiltzen ziren. Gaur egun galduta dago rol hori»
Urtzi Intxausti. Gizaundi taldeko kidea
Gainontzeko herrietan erraldoiak badira ere, Seguran gizaundi deitu izan zaie beti jaiei lotutako pertsonaia hauei: «Laureano Telleriak esaten duenez, erraldoia pertsonari esaten zaio eta hauek giza-handiak dira». Buruhandiak gizaundien babesleak izan ziren antzina Seguran, «gizaundiak zaintzeko funtzioa betetzen zuten, inor gerturatu ez zedin inguruan ibiltzen ziren. Gaur egun galduta dago rol hori». Bost buruhandi daude egun Seguran: Tartalo, Mari, akerra, herensugea eta indioa. Indioa da guztietan zaharrena, «1926 eta 1930 urte artean ekarritako da. 1975ean hondatu eta urte askotan ahaztuta egon zen. 2000. urtean konpondu zuten», azaldu du Intxaustik.
Erreplika txikiak
«Gustura eta ilusio handiarekin» hartu dute pregoia botatzeko ardura. Intxaustik berak irakurriko du eta «motza» izango dela aurreratu du. Pregoiarena etorkizunerako pizgarri izan da taldearentzat, «orain gauza gehiago egiten hasi beharko dugu», dio. Eta hasita daude lanean. Hurrengo lana eguteagia zehaztea izango da, «Iparra-Hegoan, San Isidro egunean, Korpus jaietan eta San Joanetan ateratzeko asmoa daukagu. Herriko haurrek eskatu digute gizaundiak gehiagotan ateratzeko». Errepertorioa ere handitu nahi dute, «dantza eta doinu berriak ikasten ari gara Ane Arrieta herriko txistulariak lagunduta».
Beste hainbat proiektu ere badituzte buruan. Hain zuzen, haurrengan pentsatuta, datorren neguan Segurako gizaundien erreplika txikiak egiteko proiektua darabilte buruan. Umeek erabiltzeko errazagoak dira. Aurrekari gisa, jai hauetan Zegamatik ekarritako tamaina txikiko Tartalo eta Mari ere izango dituzte lagun.