Amaitu dira sanjoanak
Bost eguneko jaien ondoren, kalejira zaratatsuarekin egin diote agurra Zopa Pertzari segurarrek.
Zopa Pertzaren kalejira zaratatsuarekin eman dituzte amaitutzat San Joan jaiak Seguran. Atzo iluntzean egin zuten festen amaierako ekitaldi herrikoia, eta hala datorren urtera arte agurtu dituzte herriko jai nagusiak.
Ekainaren 21ean hasita, bost egunez ospatu dituzte segurarrek San Joan jaiak. Gizaundien eta buruhandien konpartsak irakurri zuen ostiralean, jaiei hasiera eman zien pregoia eta behin, Zopa Pertxa jaitsita lehertu zen festa Seguran. Aurretik, futbito txapelketa herrikoiko finala jokatu zuten, eta Iraniarrak taldea izan da aurtengo irabazlea. Mozorrotuta eman zieten segurarrek ongi etorria sanjoanei.
Kuadrillen eguna izan zen larunbatekoa, eta eguraldi tristeari kolorea jarri zieten kuadrillek. San Joan bezperan haurren danborrada eta suaren inguruko festa egin zituzten, besteak beste. San Joan egunean, Maddalen Lujanbio eta Sebastian Lizasoren bertso saioa, Segurako abesbatzaren emanaldia eta Legazpiko Alaitasuna Errondailaren ekitaldia izan ziren goizean. Arratsaldean, ohiturari jarraituz, profesionalen arteko pilota partidak izan ziren Baratze pilotalekuan. Partida nagusian Ezkurdia eta Gabirondok 22 eta 17 irabazi zioten Zabala eta Tolosari.
Jubilatuen eguna izan zen atzokoa. Toka, igel eta bote txapelketak izan ziren goizean, baita haurrentzako puzgarriak ere igerileku inguruan. Arratsaldean eta gauean Andoni Ollokiegik musika emanaldiak egin zituen eta 23:00etan, Zopa Pertzaren igoera eta agur zaratatsuarekin agurtu zituzten festak.
Argazkiak: Joseba Telleria eta Urtzi Intsausti.