Arriaran auzoa festa giroaz blaitzeko prest
San Pedro jaia larunbatean ospatuko dute goizetik iluntzerainoko egitarauarekin.
Arriaran auzoko San Pedro jaiak ospatzeko guztia prest dute. Intxaurpe elkarteko kideak eta auzotarrak ibili dira egitarauaren antolaketa lanetan, Beasaingo Udalaren laguntzarekin.
Larunbata izango da egun handia. Txistularien deiarekin esnatuko dira auzotarrak. 11:00etan, meza nagusia egingo dute, eta ondoren, luntx-a izango da bertaratzen diren denentzat. Elustondo anai-arrebek trikiti eta pandero doinuekin alaituko dute giroa, eta herri kirol ikuskizunak borobilduko du goiza.
Auzo bazkaria, 14:30ean hasiko da. Kaxolako Iker Markinezek prestatuko du jatekoa. Aparteko menua izango dute.
Arratsaldean gehiago
Bazkal osteko hitz aspertuaren ondoren, punttu eta mus txapelketak hasiko dira. 17:30ean izango da hori, eta izen emateak, txapelketak hasi aurretik egingo dira. Umeentzako jolasak ere izango dira 18:00etan hasita, eta toka txapelketa, berriz, 19:00etan, animatzen diren denentzat. Arriaran auzoko festaren amaiera ikurra, 20:30ean izango da. Ordu horretan egingo dute Arriarantxoren erreketa. Eta ondoren, mahaiaren bueltan eseriko dira berriro, auzo afariarekin amaitzeko.