Zaldibiarrek Gazte Festak ospatuko dituzte ostegunetik larunbatera, ospagai bikoitzarekin
Ohiko herri giroaz eta sagardo dastaketaz gain, Herriarteko pilotako finala ere batuko zaio 26. Gazte Festen egitarauari.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/06/zaldibiako_25__gazte_festa-2-1200x540.jpg)
Iaz zilarrezko ekitaldia ospatu ondotik, aurten urrezkoa izan dezakete Zaldibiako Gazte Festek. Bihar, etzi eta larunbatean ospatuko dituzte 26. Gazte Festak, herriko gazte asanbladak antolatuta. Normalean jendetsuena ostiraleko jardunaldia izaten bada ere, azken jardunaldia bete-betea izan daiteke, Zaldibiak Herriarteko pilotako finala jokatuko baitu Oiartzunen aurka. Donostiako Atano III.a pilotalekuan da lehen zatia –partidena–, 16:30ean. Bigarrena, festarena, herrian luzatuko da.
Patxadatik ekingo diote hiru eguneko egitarauari, bihar, txupinazo, txaranga, musika kontzertu eta film emanaldi artean. Giroa ostiralean berotuko da, goizetik ume jolasekin. Herriartekorako zaporea hartzen hasteko, sasipilotari txapelketako finalak jokatuko dituzte, eta sagardo dastaketa izango da jarraian.
Sagardo probaketarako –17. ekitaldia da aurten–, herrian bertako baserrietan ekoitzitako 15 sagardo eskainiko dituzte: Arru, Arrumuño, Agarre (bi), Zubiaurre, Lizarraga, Eguzkitza, Arruarte, Ausoegi (bi), Zubita, Iortza, Larrarte, Ausoegi, Lizarra eta Zuhaiztikoak.
Larunbat iluntzerako jolasak, bakarrizketa, afaria eta kontzertuak jarri dituzte.
Zebrabide margoketa
Ostiraleko Sexu Askapenaren eta LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira, Xirika elkarteak Zaldibiako kaleko zebrabideak ortzadar kolorez margotuko ditu. Gaur 17:00etan, plazan egin dute deia.
26. Gazte Festen egitaraua
Osteguna, ekainak 27
- 18:00. Txupinazoa.
- Ondoren. Txaranga.
- 20:00. Ordiziako Musika Eskolakoen big band emanaldia.
- 21:00. Ogitarteko afaria.
- 23:00. Film labur emanaldia.
Ostirala, ekainak 28
- 11:00. Ume jolasak.
- 18:00. Sasipilotarien finalak.
- Jarraian. Sagardo dastaketa.
- 22:30. Kontzertuak: Kaparrak, Bake Faltsua, Tatta+Denso, DJ Aka Pibikens.
Larunbata, ekainak 29
- 18:00. Jolasak.
- 20:00. Bakarrizketak: Manex Astigarraga eta Asier Galartza.
- 21:30. Afaria.
- 23:00. Kontzertuak: Desgaraian, DJ EO eta DJ Anixakik.