819 familia Caritasen laguntzaren babespean
Pobrezia arriskuan edo gizarte bazterketa egoeran dauden 819 familiari, 1.820 pertsonari, lagundu die Caritasek azken urtean Goierrin.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/06/whatsapp-image-2024-06-24-at-10-44-471-1200x676.jpeg)
Goierriko Caritasek pobrezia arriskuan edo gizarte bazterketako egoeran dauden 819 familia, 1.820 pertsona, lagundu zituen 2023. urtean. 87.851 euro bideratu zituen familien beharrak asetzeko. Hori guztia posible izan zen, 110 boluntarioei esker eta arropa edo diru ekarpena egiten duten goierritarrei esker.
Datuetan horrela laburbildu du eliza parrokietako Goierriko Caritaseko Ainhoa Etxabe ordezkariak, eta eskerrak eman nahi izan ditu: «Hau guztia ez litzateke posible izango boluntarioen lanik gabe. Beraien lana azpimarratzekoa da. Eta baita ere diruz laguntzen gaituzten pertsona anonimoak. Hainbat erakunde eta enpresek ere laguntzen digute».
Caritasen onuradunen %86 migratzaileak dira, lautik hiru 44 urtetik beherakoak, eta jatorriz ugarienak, Latinoamerikatik eta Magrebetik etorritakoak. «819 familiatatik heren batean adin txikikoak daude, eta %57 emakumea da», zehaztu du.
Erroldarik gabeak
Beste datu bat ere nabarmendu nahi izan du Caritaseko Goierriko ordezkariak: «Caritasek gehien artatzen duen jendea, %21a, erroldarik gabeak dira. Asko da. Egoera zaurgarrian dauden pertsonak are eta egoera zaurgarriagoan jartzen ditu erroldatu gabea izateak». Izan ere, «erroldatu gabe egoteak eragin asko dauzka. Gaur egun erroldak ematen digu sarbidea herritarra zarela esateko. Erroldaturik gabe baldin bazaude, administrazioarentzat ez zara existitzen. Haurrak eskolaratzeko arazoak izango dituzu. Osasun asistentzia edukitzeko arazoak izango dituzu. Edozein laguntza publiko lortzeko ere bai. Errolda ez edukitzeak eskubideen urraketa bat dakar, egoera zaurgarriak ekartzen ditu».
Etxebizitzaren arazoa
Etxebizitza da arazo iturri handiena Caritasen onuradunen kasuan ere. «Laguntza gehiena etxebizitzetarako eta mantenurako ematen da. Caritasen laguntzetan ematen duen kopuruaren %30a etxebizitzetara doa, Goierrin 49.939 euro».
Etxebizitzaren gaia arreta bereziz ari dira aztertzen Caritasen eta dagoeneko atzeman dituzte hainbat ondorio: «Onuradunen %68 erroldatuta dago, baina alokairuko kontraturik gabe. Berez, denok daukagu eskubidea gela bat edo etxe bat alokatzen baduzu kontratua edukitzeko. Horrek ere dakarzki ondorio negatiboak».
Gainera, «zailtasun handiak dituzte etxebizitzak alokatzeko. Etxebizitzen baldintzei dagokionez, batzuetan batere duinak ez direnak dira».
Proiektu gehiago ere bai
Arropa jaso eta banatu, hizkuntza eskolak, Lazkaoko mojetako baratzea, Zaldibiako joskintza tailerra, eta Ataungo joskintza ikastaroaz gain, aurten, lan orientaziorako zerbitzua jarri dute martxan. «Lan munduan txertatzeko momentuan daudenean laguntzen diegu curriculuma egiten, lan elkarrizketa bat prestatzen… ».
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/06/whatsapp-image-2024-06-24-at-10-44-041-1200x676.jpeg)
Proiektu ugari bideratzen ditu Caritasek.Caritas.