Alaitasuna errondaila, 60 urte musikaz eta kantuz blai
Legazpiko Alaitasuna errondailak 60 urte betetzen ditu, eta herri osoarekin ospatu nahi du urtemuga handi hori. Musikaz beteriko ospakizunak ditu datozen hilabeteetan. Bihar izango da lehen kontzertua, baina ekitaldi nagusia irailaren 7koa izango da.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/06/whatsapp-image-2024-06-26-at-21-27-13-1200x693.jpeg)
Legazpiko Alaitasuna errondailak 60 urte betetzen ditu aurten, eta ospakizunez bete ditu datozen asteak eta hilabeteak, herri osora musika eta kantua helarazteko helburuz. Taldea sortu zuen Bautista Armendarizen ondorengoek ekitaldi sorta antolatu dute urtemuga garrantzitsu hori ospatzeko, eta bihar bertan hasiko dira.
Santi Usabiaga lehendakariak, Eli Gordoa zuzendariak eta Iñaki Madinabeitia diru kontuen arduradunak aurkeztu dute egitaraua, eta, aldi berean, Legazpin bere lekua egin eta ondo sendotu duen musika taldearen historia eta gaurko egoera errepasatu dute Goierriko Hitzarekin.
Ospakizun musikatua
Musika taldea izanik, musikarekin ospatuko dute 60. urteurrena errondailakoek. Bost ekitaldi izango dira guztira, «propio 60. urtemuga hau ospatzeko antolatutakoak», Usabiagak azaldu duenez.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/06/img_4633-500x375.jpg)
Eli Gordoa, Iñaki Madinabeitia eta Santi Usabiaga, 60. urtemuga ospatzeko ekitaldien aurkezpenean
Lehen hitzordua bihar bertan izango da. Formatu txikiko emanaldi sorta bat izango da, «familia arteko kontzertuak deitu diegu. Errondailakook talde txikiak osatu ditugu, batzuk gure artean, beste batzuk lagunekin edo familiakoekin». Agirre-etxeberrin izango da saioa, eta «gure betiko abestiak eskainiko ditugu, habanerak edo boleroak bezala. Baita 1960 hamarkadakoak ere, euskal abestiak…».
Bihar hasiko dira ospakizunak, Agirre-etxeberriko parkean 19:00etan “familia artean” egingo duten emanaldiarekin
Baina ospakizunen egun handia oporren ostean izango da, irailaren 7an. «Egun osoko festa antolatu dugu. Meza batekin hasiko gara goizean, taldeko argazki bat aterako dugu gero, eta bazkaria egingo dugu ondoren, Azokan». Bazkalondoan, Alaitasunako musikarienaz gain, Iruñeko Sacalfi taldearen emanaldia ere izango da. «Bazkaria eta ondorengo festa herri osoari zabaldu nahi diogu, eta taldeko kideez gain, errondailaren lagunak ere joan daitezke». Dagoeneko salgai daude txartelak, 40 euroan, eta tokia erreserbatzeko bizum bat egin behar da 747 411 326 zenbakira. Prezioaren barruan, «bazkariaz eta musika giro bikainaz gain, oparitxo batzuk ere sartuko dira».
Hortik aurrera izango dira emanaldi gehiago: irailaren 28an Castro Urdialeseko (Kantabria, Espainia) Alsejo errondailaren emanaldia izango da, urriaren 26an topaketa bat egingo dute Altsasuko Trasteando eta Ordiziako Laguntasuna errondailen partaidetzarekin, eta azaroaren 2rako, Kanariar Irletako (Espainia) Los Paperos taldea gonbidatu dute.
Ekitaldien zerrenda amaitutakoan, udalari eskerrak luzatzeko baliatu du Usabiagak, «bere laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzatekeelako hau guztia aurrera eramatea».
Errondaila lehen eta orain
Eli Gordoa zuzendariak herritar guztiak gonbidatu ditu ekitaldi horietan parte hartzera. «Gu, gure publikorik gabe, batez ere hor animatzen eta babesten izaten den Legazpiko publikorik gabe, ez garelako ezer. Etorri eta gurekin izan horrelako urte garrantzitsuan». Gonbidapenaren ondoren, Alaitasuna errondailaren historia kontatu du labur-labur Gordoak: «Errondailak 60 urte ditu, ibilbide luzea da, eta ez da erraza izan horrelako talde bat hainbeste urtetan mantentzea. Hasieratik dagoen taldekide bat ere badugu, Julian Armendariz».
Alaitasuna errondailaren sortzailea, hain hustu, Julianen aita Bautista Armendariz izan zen. «Irakaslea zen, eta zerbait egin nahi zuen musikarekin Legazpin. Hala, udalak utzitako lokal batean hasi zen gitarra, bandurria eta laud klaseak ematen, errondaila bat sortzeko asmoarekin». Haren lanak bere emaitzak izan zituen, eta Alaitasuna izena jarrita, taldeak 1964ko urtarrilaren 3ko gauean egin zuen debuta, garai hartako Eslesa zineman.
Ekitaldi nagusia irailaren 7an izango da, eta salgai daude bazkarirako txartelak
«Taldearen errepertorioa abesti herrikoiekin osatu zuten, garaikoekin, eta euskarazkoak ere sartzen joan ziren pixkanaka, garai hartan oso erraza ez bazen ere. Latino amerikarrak ere jotzen zituzten». Urteekin aldatzen joan da taldearen estiloa, eta azken urteetan «abesti ezagunagoak eta belaunaldi berrietara egokitutakoak sartzen joan gara, eta publiko gehiagora iritsi daitezkeen Lau teilatu, Guantanamera edo Iluntzean jotzen ditugu».
Eli Gordoa da taldeko zuzendaria orain, eta Jesus Gordoa bere aitari hartu zion erreleboa. Jesus Gordoa Bautista Armendarizen ondoren hasi zen zuzendari lanetan. Horren alaba Eliren garaian, Raul Casalesek eta Olatz Arangurenek ere hartu dituzte tarteka ardura horiek.
Gaurko errondaila 20 kidek osatzen dute, eta «gitarra, bandurria, laud, txarango, laukoa, hirukoa, trikitia, perkusioa eta baxua» jotzen dituzte, eta abestu ere bai.
Gordoak ere udalari eman dizkio eskerrak, entseatzeko Doinu Ederreko lokala uzteagatik eta emandako babesagatik, baina batez ere «Legazpiko herria eta jarraitzaile guztiak» gogoratu ditu.
Jende gazteari deialdia
Madinabeitiari txanda iritsitakoan, errondailak urtean zehar eskaintzen dituen emanaldiak gogoratu ditu, «asko direlako». Herrian egiten dituzten San Joan erronda, Santa Zezilia kontzertua eta jaietako emanaldiez gain, inguruko herrietan egiten dituztenak ere aipatu ditu: «Seguran izan berri gara, adibidez, sanjoanetan». Zumarragan, Urretxun, Ormaiztegin, Lazkaon, Oñatin… leku askotan ibiltzen dira jotzen.
Megafoniarekin egindako gastua ere aipatu du, «jende gehiagorengana iristeko, eta gure emanaldietan kalitate bat eskaintzeko».
Bestalde, errondailak egiten duen musikak batez ere jende heldua inguratzen duela esan du, baina jende gaztea ere erakarri nahi dutela erantsi du, «eta horretan ari gara, abesti garaikideagoak sartuz,». Gazteei, bestalde, deialdia egin die taldera gerturatzeko.
Bihar dute horretarako aukera, 19:00etan, Agirre-etxeberrin.