Esther Gutierrez Cifrianek irabazi du Legazpiko kaleko pintura lehiaketa
Arkatza elkarteak antolatuta, larunbat goizean egin zen, 10 margolariren partaidetzarekin. Herritarrek aukeratutako lanarentzako saria Diana Orbe Ferreirok jaso zuen.
Euskal Herritik kanpora joan da aurten Arkatza elkarteak antolatutako Legazpiko kaleko pintura lehiaketa, Kantabriako Pedreña herriko (Espainia) Esther Gutierrez Cifrianek irabazi duelako. 500 euro. Joxe Martin Etxeberriaren omenezko kaleko pintura lehiaketa hau larunbat goizean jokatu zen, eta hamar partaide izan zituen.
Bigarren saria, 350 eurokoa, Bilboko Leticia Gaspar Garciak irabazi zuen, eta hirugarrena, 200 eurokoa, Berrizko (Bizkaia) Fernando De Vicente Garridok.
Epaileak Mattin Osinalde, Kontxi Urkiola, Paki Iraola, Maide Agirre eta Miren Garcia izan ziren.
Erakusketa eta herritarren saria
Herriko txoko desberdinak margotu zituzten margolariek, eta koadroak ikusgai jarri zituzten eguerdian eta arratsaldean, udaletxeko arkupeetan, herritarrek lanik onena aukeratu zezaten. Guztira 117 bozka eman zituzten, eta horrela aukeratutako lanak lehen saria jasoa zuenez, herritarren saria bozka gehien zituen hurrengo lanari ematea erabaki zuen antolakuntzak. Baina horren egileak uko egin zion sariari, eta azkenik, herritarren sariaren 100 euroak Diana Orbe Ferreirok jaso zituen. Orbe Ferreiro ere Kantabriakoa da, Castro Urdialesekoa.
ARGAZKIAK: Legazpiko Udala eta Tere Madinabeitia