Arau subsidiarioen zuzenketek eztabaida berpiztu dute Urretxun
Urretxuko Arau Subsidiarioak aurrera doaz, poliki bada ere. Udalak behin-behineko onarpena eman ostean, Gipuzkoako Foru Aldundira bidali zituen, honek onar zitzan. Aldundiak Eusko Jaurlaritzaren COTPV batzordeari igorri zizkion, legea betetzen al zuten zehaztu zezan, eta batzorde honek, berriro ere Urretxura bidali ditu, zuzenketak egiteko.
Zuzenketak, oro har, etxebizitza kopuruari eta industria guneei dagozkie. Batetik, Urretxun datozen urteetan gehienez jota eraiki ahal izango ziren etxebizitza kopurua 1.200etik 771ra jaitsi dute eta bestetik, Erratzun eta Deskarga bidean industriarako lurzorua erreserbatzea ukatu dute. Irimo lantokiaren inguruetan aktibitate ekonomikoak edo industriak lehentasuna izan behar duela ere zehaztu du batzorde horrek. Udalak zuzenketa horiek egin dizkio, eta hauek jendaurrean jarri ditu erakusgai, alegazioetarako hilabete bateko epea emanez. Jarraian, berriro ere COPTVra igorriko dituzte, honek baiezkoa eman eta Aldundiari azken txostena igortzeko, horrek ere onar dezan.
Iritzi kontrajarriak
Alderdien ohiko eztabaidak jaso ditu arauak Urretxun. Udal gobernuan dagoen taldearen izenean Iñaki Zabala alkateak dioenez, «ez dira hainbesteko aldaketak izan. Arauetan ez da esaten zenbat etxebizitza eraikiko diren. Planak lurra nola aprobetxatu daitekeen azaltzen du; gure lurraldeak zenbaterako ematen duen. Horrek ez du esan nahi zenbat egingo diren».
Zuzenketei dagokienez, alkatearen hitzetan, «orain garrantzitsuena eztabaidan ez dauden gauzak aurrera ateratzea da eta baita eztabaida dutenak ere. Nahiz eta gure asmoen zati bat utzi behar izan, zuzenketak egitea ez da frakaso bat izan, inondik ere».
Atxekitu gabeko zinegotziak
Atxekitu gabeko zinegotzi den Jose Mari Leteren hitzetan, «legealdia bukatzerako Urretxuk arau batzuk behar ditu. Aurkeztu ginenean, Urretxu aurrera esaten genuen, eta Urretxuk ez du denbora gehiago erdibidean gelditzeko. Gure ideia batzuk, Erratzuko inguruari irtenbide industrial bat ematea eta Deskargako autobidearen inguruetan pabiloiak egitea ziren». COTPVk bi asmo horiek atzera bota ditu, argudio desberdinekin. «Guk ez diegu ezetz esan, COTPVtik esan dute ezetz» azaldu du Letek.
«Ni konbentzituta nago, hemendik hainbat urtera, Deskargaz edo Erratzutaz hitz egiteko garaia itzuliko dela, baina orain ezin gara horren zain gelditu». Lizeoari dagokionez, «aspalditik esaten da aparkalekuak behar direla. Lizeoan 200ndik gora egingo dira. Horrez gain, 3.000 metro koadro dotazionalak izango dira, herriarentzako».
EAJ
EAJko Itziar Agirre zinegotziaren ustetan, «irtenbidea ez da zerotik hastea, baina puntu honetara iritsi behar izatea gestio aldetik porrot izugarria da». Dioenez, «prozesu guztian zehar ikusi da arauek ez zituztela baldintza horiek betetzen eta horri buruz galdetzen genuenean, ikusiko duzue izaten zen erantzuna». Arauetan «diru asko gastatu dela», dio Agirrek «eta oinarrizkoena ahaztu zaie: COTPVra joan eta irizpideak galdetzea».
Zuzenketei dagokienez, «planteatzen diren aldaketak «hoberenak ez direla» dio. «Irizpideetan sartzea posible da beste aldaketa batzuekin». Irimon industriari eman zaion proportzioa (%55 gutxienez eta etxebizitzetarako %45 gehienez) ez du nahikotzat jotzen Agirrek. «Aktibitate ekonomikoak garrantzia gehiago izan behar du». Lizeoari dagokionez, «osotasunean dotazional moduan jarraitzea» proposatzen du EAJko ordezkariak.
Hamaikabat
H1 alderdiko Jose Angel Lizarraga ez du «sorpresaz hartu» zuzenketak egin beharrak. «Asko eskatzeak bere arriskuak ditu. Horietako bat prozesua denboran luze joatea, legealdi amaierara etxeko lanak egin gabe iristea da. Akordio politiko egonkor bat egon behar da arauetan, ahal den adostasun handienarekin», dio. Euren aldetik hitz egiteko «irekita» egon direla dio, baina, «alkateak ez du gurekin ezer ez jakin nahi izan».
Lizeoari dagokionez, Hamaikabat ez dago ados hor etxebizitza libreak egitearekin. «Garbi dugu inguru hori dotazional eta hezkuntzarako moduan mantendu behar dela». Irimoz «aktibitate ekonomikoa suspertu egin behar da, eta Irimoko guneak horretarako balio du» dio. «Desilusio handia» ere hartu du Lizarragak, «arau hauetan ez baita poligono industrial bat suspertzen. Lehenagoko arauak onak egiten dituzte hauek», azaldu du.
EB-Aralar
EB-Aralarreko Jose Andres Martinen hitzetan, «arauak ez dira inbaditzaileak, ez dute aldapan gora egiten. Urbanizagarriak ez diren eremuetan ez dira ia sartzen eta Aparicio auzoko bizilagunek herritik gertuago bizitzeko aukera dute. Etxebizitza kopuruak ez du esan nahi derrigor hainbeste eraiki behar direnik. Arauek, batez ere, egin ezin duguna oso ondo zehazten dute. Gero zer egingo den? hurrengo gobernuek eta udal taldeek zehaztuko dute».
PSE-EE
PSE-EE alderdiko Jose Luis Canterok dioenez, Eusko Jaurlaritzaren erabakiak «alkatearen aldetik porrot bat egon dela» erakutsi du, «oinarrian moldatuak izan diren arau batzuk gidatu dituelako». Dioenez, «hauteskundeak bizpahiru hilabetetara ditugu, eta ondo legoke korporazio berriak, dena delakoak, aztertu ahal izatea». Canterok ere ez du uste hutsetik hasi behar denik. «Egindako lana hor dago. Berriro begiratzea da, aldatu behar dena aldatzea eta mantendu behar dena mantentzea. Berdin du arauak nork egin, arau on batzuk izan ditzagun nahi dugu, ahal den adostasun handienarekin».
«Inguru industrialak ahal den neurrian mantendu egin behar dira», dio Canterok eta industria gunea erreserbatzearen alde apustu egiteak «pena merezi duela» ere azaltzen du, «bai Sarralden eta bai Irimon». Lizeoa aldiz, «aisialdi librerako gunea» izan behar dela dio, «egun eskaintzen duen hezkuntza aktibitatearekin jarraituz». Lur azpiko aparkalekuekin «ados» daude, «arazo horrek irtenbide bat behar du» dio.
Era berean, osoko bilkurei erreferentzia eginez, Canterok kritika bat luzatu nahi izan du. «Gure haserrea eta kexa azaldu nahi genuke azkenaldian ematen ari zaigun tratamenduarekiko».