‘Emanzipakzio’ proiektuan lanean ari dira gaztelekuetako zenbait nerabe
Zegamako gaztelekuan ibiltzen diren zenbait nerabe, Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako Emanzipakzio proiektuan parte hartzen ari dira. Emanzipakzio gaztelekuetan egoten diren 17 urtetik 18 urte bitarteko nerabeen emantzipazioa bilatzen duen proiektua da. Ekimen horrek gazte horien emantzipazio ibilbideetan lagungarri izan nahi du, bakoitzaren ekimenen garapenean lagunduz, gazte taldeak elkarte bilakatzera gidatuz, gazteak hiritar parte hartze aktibora bultzatuz zein epe laburreko motibazioen aurkikuntzan lagunduz. Gipuzkoako Foru Aldundia herrialdeko zazpi gaztelekurekin lantzen ari da Emanzipakzio proiektua eta horien artean daude Zegamako eta Itsasondoko gaztelekuak. Joan den asteburuan, Zarauzko Igerain aterpetxean topaketa bat burutu zuten eta bertan zazpi gazteleku horietako 50 gaztek eta hezitzailek parte hartu zuten. Zortzi gazte eta hezitzailea Herri bakoitzetik hezitzaileak eta gehienez zortzi gaztek parte hartu zezaketen topaketa horietan. Ainitze Azurmendi Zegamako gaztelekuko hezitzaileak bertako nerabeei programa horren berri eman zienean, hamalauk eman zuten izena eta horregatik, zozketa egiteko erabakia hartu zuten. Horrela, Zegamatik zortzi gazte, sei neska eta bi mutil eta hezitzailea izan ziren Zarautzen asteburuan. «Dena den, aipatu, egitasmo honetan herriko hamalau gazte horiek parte hartuko dutela eta zortzi gazteak talde osoaren ordezkari gisa joan zirela» gehitu du Azurmendik. Gazteek ostiraletik igandera bitartean, proiektuak egiten ikasteko topaketa praktiko formatiboa egin zuten Zarauzko aterpetxean eta ondoren bertan ikasitakoa [...]
Zegamako gaztelekuan ibiltzen diren zenbait nerabe, Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako Emanzipakzio proiektuan parte hartzen ari dira. Emanzipakzio gaztelekuetan egoten diren 17 urtetik 18 urte bitarteko nerabeen emantzipazioa bilatzen duen proiektua da. Ekimen horrek gazte horien emantzipazio ibilbideetan lagungarri izan nahi du, bakoitzaren ekimenen garapenean lagunduz, gazte taldeak elkarte bilakatzera gidatuz, gazteak hiritar parte hartze aktibora bultzatuz zein epe laburreko motibazioen aurkikuntzan lagunduz.
Gipuzkoako Foru Aldundia herrialdeko zazpi gaztelekurekin lantzen ari da Emanzipakzio proiektua eta horien artean daude Zegamako eta Itsasondoko gaztelekuak. Joan den asteburuan, Zarauzko Igerain aterpetxean topaketa bat burutu zuten eta bertan zazpi gazteleku horietako 50 gaztek eta hezitzailek parte hartu zuten.
Zortzi gazte eta hezitzailea
Herri bakoitzetik hezitzaileak eta gehienez zortzi gaztek parte hartu zezaketen topaketa horietan. Ainitze Azurmendi Zegamako gaztelekuko hezitzaileak bertako nerabeei programa horren berri eman zienean, hamalauk eman zuten izena eta horregatik, zozketa egiteko erabakia hartu zuten. Horrela, Zegamatik zortzi gazte, sei neska eta bi mutil eta hezitzailea izan ziren Zarautzen asteburuan. «Dena den, aipatu, egitasmo honetan herriko hamalau gazte horiek parte hartuko dutela eta zortzi gazteak talde osoaren ordezkari gisa joan zirela» gehitu du Azurmendik.
Gazteek ostiraletik igandera bitartean, proiektuak egiten ikasteko topaketa praktiko formatiboa egin zuten Zarauzko aterpetxean eta ondoren bertan ikasitakoa praktikan jarri beharko dute. Hau da, gazte talde bakoitzak bere herrian inpaktua izango duen proiektu baten prestaketa eta garapena egin beharko dute.
Ostiralean 18:00etarako Zarauzko aterpetxean zeuden guztiak. Arratsalde partean taldeetako parte hartzaileek elkar ezagutzeko joku desberdinak burutu zituzten. Hezitzaileek ere parte hartu zuten ekintza horietan.
Gaubelan talde bakoitzak topaketetara zein asmorekin joan ziren azaldu zuen. Horretarako antzerkiak, kantak, koplak … erabili zituzten. Ostirala Santa Egunaren bezpera izanik, zegamarrek beraien asmoak kopla bidez agertzea erabaki zuten.
Alde teorikoa
Larunbat goizean, 10:00etatik 13:30era bitartean proiektu bat nola osatu ikasi zuten. Proiektua, ekintza baten garapen moduan ulertuta. Hasieran talde bakoitzak beraien ustez proiektua zer den definitu zuen eta ondoren parte hartzaile guztien artean adostu zuten. Hezitzaileek ez zuten iritzirik eman, antolatzaileek gazteen ekarpenak izatea nahi baitzuten.
Goizeko saioa teorikoa izan zen, baina Azurmendiren hitzetan, oso dinamikoa. «Ez zen inor hitzaldi bat ematera etorri. Guztion artean osatu genituen teoriaren oinarriak». Teoria bukatu eta proiektua zer den guztien artean adostu eta gero, antolatzaileek ariketa praktiko bat jarri zieten. Hau da, teorian ikasitakoa praktikan jarri behar izan zuten. Zegamarrei gazte egun bat antolatzea egokitu zitzaien.
Goizeko saioari bukaera emateko, Irungo gaztelekuko bi hezitzailek, gaztelekutik irtendako nerabe batzuk komikiak publikatzen dituen taldea nola sortu zuten azaldu zieten bertaratutakoei. (Taldea sortu zutenean gazte horiek 17-18 urte zituzten. Egun 30 bat dituzte).
Larunbat arratsaldean tailerretan parte hartu zuten: irrati tailerrean, jolasen tailerrean eta arte grafikoen tailerrean. Bakoitza aditu batek eman zuen.
Herri bakoitzeko gazteak hiru tailerretan banatu zituzten. Horrela, Zegamako hiru gaztek jolasetan parte hartu zuten, beste hiruk arte grafikoen tailerrean eta beste bik irratian. Ainitze Azurmendi hezitzailea arte gragikoen tailerrean aritu zen.
Saioak bukatu ondoren, gaubelan Inmigranteen joku erraldoia izeneko jokuan parte hartu zuten guztiek. «Joku dibertigarria izateaz gain, asko ikasi genuen. Inmigranteek lurralde berri batean bizi ahal izateko zenbat zuzemen (tramite) egin behar izaten dituzten ikasi genuen. Azken batean, inmigranteen errealitatera gerturatzeko aukera izan genuen».
Igandean 10:00etatik 13:00etara bitartean larunbat arratsaldean talde bakoitzak bere tailerrean ikasitakoa besteei azaldu zien. Bukatutakoan hezitzaileek gazteen lana ebaluatu zuten: zertan asmatu zuten, zertan ez, zergatik… Topaketei bukaera emateko 13:00etan hasita asteburuaren ebaluazioa egin zuten gazteen zein hezitzaileen artean.
Proiektuaren prestaketa
Zegamako zortzi nerabe horiek lehendabizi asteburuan ikasitakoa proiektuan parte hartuko duten gainerako zegamarrei azalduko diete. Larunbat honetan jarri dute horretarako hitzordua. Gero taldean herrian inpaktua izango duen proiektua egin beharko dute. Lan hori martxoaren erdialderako prestatu beharko dute nerabeek, hezitzailearen laguntzarekin eta apirilean edo maiatzean gauzatu beharko dute beraien herrian. Ekintza hori Zegaman egiteaz gain, proiektuan parte-hartzen ari diren beste herrietako batean ere egin beharko dute.
Maiatzaren 21ean eta 22an, beste topaketa bat egingo dute programan diharduten gazte guztiekin, esperientzien elkarbanatzea eta gazteen ebaluaketa egiteko.
Azurmendik azaldu duenez, esperientzia berritzaile horrekin oso gustura daude gazteak. «Asko ikasi zuten, gauza berria zen beraientzat eta jende asko ezagutu zuten. Oso pozik daude eraikitzen ari diren proiektuarekin. Gogotsu ikusten ditut».