Euskaltel-Euskadiko Samuel Sanchez, Antion gora.
Euskal Herriko 51. Itzuliaren lehen etapa Zumarragan hasi eta bukatuko da. Udaletxearen aurrean jarriko dituzte irteera eta helmuga, hala ere, begirada guztiak Antioko igoeran jarrita daude. Orohar, Itzuliaren berezko ezaugarria da etapa maldatsuak, erronka zailak eta txirrindulariei arnasa hartzeko tarte gutxi uztea; lehenengo etapa horren erakusle izango da.
198 txirrindulari aterako dira tropelean, hogei taldetan banatuta. Itzuli osoan 31 portu igoko dituzte eta 849 kilometro bete. Punta-puntako txirrindulariak izango dira irteeran, faboritoen artean: Samuel Sanchez, Horner, Kloden, Cunego, Joaquim Rodríguez, Frank Schleck eta Gesink besteak beste.
Asteleheneko etapan Antioko igoera izango dute helmugatik gertu, baina aurretik beste bost portu igo beharko dituzte: Gabiri bi aldiz, Elosu, Aztiria eta Barbari gainak. Guztira, 151 kilometro pasa egingo dituzte eta Zumarragatik hiru aldiz igaroko dira.
Bi txirrindulari goierritarrek parte hartuko dute aurtengo Itzulian; Aitor Perez Arrieta zegamarra Lampre talde italiarrarekin ariko da eta Caja Rural taldearekin Garikoitz Bravo lazkaotarra.
Esfortzua eta ikuskizuna
Zumarragako etapari buruzko antzeko iritzia dute biek. «Etapa zorrotza da, asko eskatuko diguna. Antioko igoerak galbahea pasako du, ez dugu tropelean gailurra joko eta helmugatik oso gertu dagoela kontuan izanda, etapa lehiatua izango da», adierazi du Aitor Perez Arrietak.
«Ibilbide guztia gogorra den arren, Antioko igoera erabakigarria izango da, jende andana egongo da ikusten eta bidea gehiago estutuko da. Igoera etapako giltzarria izango da», gehitu du Garikoitz Bravok.
Perez Arrietak eskarmentua du jada profesional mailako probetan. Bravo, aldiz, iaz igo zuten profesionaletara eta Euskal Herriko Itzulian egingo du «benetako estreinaldia».
Perez Arrietak maila handiko taldekideak ditu, tartean Cunedo, aurtengo faboritoetako bat. «Nire eginkizunik handiena berari laguntzea izango da, tranpatatik urrundu eta lehenengo postuetan eroso egoten laguntzea. Ihesaldiak egiteko aukerak bilatu beharko ditugu».
Bravok 22 urte ditu eta «eskarmentu gutxi» dauka. «Errealista izanda badakit aurreneko postuetan ez naizela ibiliko, oso txirrindulari onak datozelako. Hala ere, etxean egoteak ematen duen berotasunak lagunduta, lehenengo bi etapatan lan ona egin nahiko nuke».
Zumarragako etapa «gogorrenetakoa» izanda ere, Bravoren ustez, Euskal Herriko Itzuliaren podiuma «Arrateko igoerak erabakiko du».
Zumarragako etapak eta Itzuli osoak ere, txirrindulariei esfortzu handia eskatuko die. «Gero eta erronka gogorragoak jartzen dizkigute, baina ikusleek gozatuko dutela badakit ikuskizuna segurtatuta dagoelako», adierazi du txirrindulari zegamarrak.
IRITZIA: Iñaki Urdangarin
Antioko gure ‘Kapelmuur’-a
Etzi, Goierrik antolatutako 0 Etaparekin batera Belgikan Flandesko Tourra izango da, belgiarrek Ronde Van Vlaanderen izenarekin ezagutzen duten lasterketa.
Profesional mailako txirrindularientzako proba da, galtzada-harriz jositako zatiak eta aldapa motz eta gogorrak dituena. Gailurrik ezagunena Kapelmuur da, helmugatik gertu dagoen gaina da, eta gehienetan Flandesko proban erabakigarria izaten da.
Proba horrek zikloturistentzako bertsioa du, bezperan egiten dute eta milaka lagunek parte hartzen dute. Kapelmuur-eko gainak errespetua eta miresmena sortzen du beste gailurren artean. Ez dute denek igotzen, ez bizikletaren gainean behintzat; galtzada-harria bustita dagoelako eta gurpilak irrist egiten dutelako, neka-neka eginda iristen direlako, edo geratu beharra izaten dutelako eta gero ezin dutelako aldapan gora abiatu. Horrek ez die kentzen, ordea, Muur igota dutela esaterakoan sentitzen duten urguilua.
Asteburu honetan gure Muur Antion izango dugu. Goierriko zikloturistok Euskal Herriko Itzuliaren 51. edizioaren lehenengo etapa beteko dugu igandean. Txirrindulariek hainbat gailur igoko dituzte, baina bereziena Antioko igoera izango da. Zaletu gehienek ez dute portu hau ezagutzen eta maldarik gogorrenak helmugatik oso gertu aurkituko dituzte. Gure Muur partikularra izango da eta amaitzean, txirrindulariek igoerari buruz errespetuz eta miresmenaz hitz egitea nahiko genuke.
Goierriko zikloturistok duela hilabete ekin genion denboraldiari eta igandero, irteerarako elkartzen garenean, Antioko igoera egiten saiatu denik badago. Horrela jakin dugu Jabik eseak eginez igo zuela edo Ibonek pultsometroa 190ean jarri zuela. Jakin dugu Carlosek eta Jose Inaziok ezin izan zutela igo, eta Aitor bere semeekin igo zela. Gure artean, Antioko igoera benetako erronka bihurtu da.
Aurreko igandean, taldean Antio igotzeko saiakera egin genuen, Eitzagako eraikinak atzean genituenean eta maldak gorago ezin zuela egin ematen zuenean, Igartua anaiek traktorea atera eta errepidea itxi ziguten. Oina lurrean jarri genuenerako bagenekien ez ginela igoko, izan ere, horrelako aldapa batean oina lurrean jarriz gero berriz abiatzerik ez baitago.
Etzi, berriz helduko diogu erronkari. Etapa amaituta, Flandeseko Tourrean Kapelmuur-era igo direnen aurpegietan ikusten den errespetua, miresmena eta harrotasuna nahiko genuke guretzako, Antiora ekarrita.