«Mendi errusiarrean doa aktorearen bizitza, gora eta behera»
Josune Goenagaren (Zumarraga, 1984) ametsa «nazioartean aktore lanetan aritzea» da. Non bizi den galdetuta, azken urtea bidaiatzen eman duela dio, ametsa egia bihurtzeko lanetan. Atzerrian dabilen arren, bihotza uzkurtzen zaionean sustraietara jotzeko beharra sentitzen du, Zumarragara bueltatzeko premia, alegia.
Herrian dago orain. Karmakros antzerki tailerreko kideekin batera, haurrentzako antzezlana aurkeztu du asteburuan. Proiektu zerrenda luzea du, bere bizipenen kontakizuna bezain anitza.
Zumarragako eta Urretxuko Karmakros antzerki tailerrean eman zenituen lehenengo urratsak.
Bai, 14 urte nituela hasi nintzen Karmakrosen. Orduan, Juanlu Escuderok zuzentzen zuen taldea. Aktorea izan nahi nuen, eta hemen zegoen aukera bakarra hori zen. Gero, ikasketak amaitu, eta Madrilera joan nintzen William Layton arte dramatiko eskolara. Hiru urte egin nituen han.
Etxetik kanpo, nola finantzatzen zenituen aktore ikasketak?
Madrilen ikasten ari nintzela, Teatro Españolen egiten nuen lan; ikusleak eserlekuetan kokatzen nituen. Ikasten ematen nuen egun osoa, eta iluntzean antzokira joaten nintzen lanera. Antzezlanak ikusten nituen, eta bertako langileek nire testuak lantzen laguntzen zidaten. Antzerki ikasketekin batera egiteko ez dago lan hoberik.
Hamalau urterekin taulara igo zinen, zergatik izan nahi zenuen aktore?
Ameslaria naiz. Beste bizitza batzuk bizitzeko aukera ematen dizu antzerkiak. Beste pertsona bat izan zaitezke, beste azal batean sartu. Orain iruditzen zait beti egon naizela oholtza gainean. Entseguetan ematen dut eguna, amaitzean, akituta banago ere, gustura hortxe nagoela sentitzen dut. Krisiak etortzen diren arren, etengabean nago ikasten.
Zein motatako krisiak?
Aktore lanak bokaziozkoa behar du, ezinbestean. Ikasi behar den lehenengotariko gauza, aktore lana ezegonkorra dela da. Aldakortasuna ekonomikoa da, eta emozionala ere bai. Lan baldintzak ez dira onak, besteentzat lan egin behar da, nahiz eta zure produkzioak ekoitzi. Beti borrokan ibili behar duzu, beti mugimenduan; eta horrekin guztiarekin, eguneroko gastuei aurre egin behar diezu, berdin-berdin.
Orduan, aktore ofizioa bizitzeko era bihurtzen al da?
Bai. Lanik ez daukazunean maila emozionalean gogorra da. Eta, lana daukazunean, zure burua beste toki batean dago, guztia harilkatzen baita interpretatzen ari zaren pertsonaia horrekin. Barrura egiten duzu, eta ez da erraza mundu horretatik ateratzea. Orduak behar dituzu sartu eta irteteko. Esate baterako, familiarekin zaude, baina ez zaude zure osotasunean. Nahi duzun proiektua gauzatu ahal izateko beste lan bat egin behar duzu, horri antzerkia gehitzen badiozu, aisialdia antzerki lanetan ematen duzu. Asko maitatu behar duzu ofizioa bizitzeko modua bilakatzen delako, bai.
Hala ere, sariak iritsiko dira, ezta?
Zortea daukazunean, bi hilabetez soldata duina izanda ere, egoera hori iheskorra dela jakin behar duzu. Mendi errusiarrean doa aktorearen bizitza, gora eta behera, geratu gabe.
Sevillan jarraitu zenituen ikasketak.
Sevillan antzerkiaren esparruak zein anitzak diren ikasi nuen: zinea, clown-a, maskarak, gorputz-espresioa… Jogo antzerki konpainia sortu nuen, eta haurrentzako musikala idatzi nuen. Antzezlan honekin lanean aritu nintzen bi urtez Madrilen.
Orduan atera al zen barruan zenuen ‘clown’-a?
Cirque du Soleil-en lan egindako Gabriel Chamé-rekin ikasten hasi nintzen, eta Irrintzi atera zen. Beste clown batzurekin astero egiten genuen kabaret moduko antzerki ikuskizuna. Bakoitzak hamar minutuko saioa egiten zuen. Ni taulara igo eta ondokoa esaten nuen: ni Irrintzi naiz, eta Zumarragakoa naiz. Eta jendeak barre egiten zuen, automatikoki, bitxia zen. Ondoren, nire clown saio guztiak batu nituen, eta ikuskizun bat sortu nuen. Oraindik ere egiten dut ikuskari bera, baina garai haiek hobeak ziren, egun kontratuak lortzea zailagoa da. Nolanahi ere, etapa hori amaituta, krisialdia izan nuen, eta Zumarragara bueltatu nintzen.
Zertan aritu zinen?
Urtebete egin nuen Zumarragan, krisiak jotzen nauenean sustraiak bilatzen ditut. Goenkalen atrezzoa prestatzen nuen, setean behar ziren gauzak jartzen. Pausoka produkzio-etxearekin lan gehiago egin nituen: beste telesail bateko produkzioan eta castingak egiten. Telebista ez da, hala ere, nire helburua; guztien artean, gutxien gustatzen zaidan esparrua da.
Baina, ez zinen Euskal Herrian luzaroan geratu.
Parisera joan nintzen hilabeteko clown ikastaroa egitera, École Philippe Gaulier-era. Clown ikasteko onena nor zen galdetuta, Gaulier zela esan zidaten. Izugarri gustatu zitzaidan, liluratu egin ninduen, eta han ikasi nahi nuela jakin nuen.
Zer da, zehazki, liluratu zintuena?
Gaulier-ek aktore bakoitzarekin lan egiten du taulan. Plazera, edertasuna eta askatasuna lantzen ditu, barruan duzun onena ateratzeko. Bi urteko ikastaroa eskaintzen zuen, baina oso garestia zen. Ni, hala ere, amesten hasi nintzen.
Aurreko ekainean bukatu zenuen ikastaroa, hortaz, bete zenuen ametsa.
Parisera joan nintzen, noiz arte egongo nintzen jakin gabe iritsi nintzen, ez bainuen diru askorik. Baina lortu nuen ikastaroa finantzatzea, argazkilarientzat modelo lanak egin nituen, batik bat.
Eskolak bete al ditu zure itxaropenak?
Bai, guztiz. Bufoia, clown-a, melodrama, Shakespeareren pertsonaiak… Pertsonaia eta genero ugari landu ditut.
Zein hizkuntzatan aritzen zinen?
Nazioarteko ikastetxea da, eskola gehienak ingelesez egiten dira. Kultura askoren topagunea da: txinatarrak, errusiarrak, kanadarrak, alemanak, austriarrak…
Zure ustetan, zer gehitzen dio kultur aniztasun horrek antzerki eskolari?
Kultura pertsona bakoitzaren barruan doala konturatzen zara, hau da, bakoitzaren kulturak portaeran eta izaeran uzten dituen arrastoak agerian geratzen dira. Emozioak azaleratzeko gogoari eusten diotenak edo berez kanporakoiak direnak oso erraz bereizten dira taula gainean.
Eta euskaldun gisa, zein zen zure ezaugarria?
Taula gainean, ingelesak edukazio onekoak dira, kanadarrak atseginak, espainiarrak zaratatsuak eta euskaldunak eta irlandarrak borrokalariak gara. Gaulier oso zorrotza da. Barruan daukazuna ateratzen dizu, zure askatasuna antzeman dezazun, hortik zure fantasiara irits zaitezen.
Zeintzuk dira orain eskuartean dituzun proiektuak?
Pablo Ibarluzea Parisko eskola horretako irakaslea da; Laudiokoa da jaiotzez. Berak zuzendutako eta nik sortutako ikuskizuna osatu dugu. Europan mugitu nahi dugu, nazioarteko antzerki-jaialdietan. Otsailetik aurrera, proiektu horrekin ibiliko naiz, eta zinearekin lotutako zerbait egiteko asmoa ere badut.
Nazioartean lan egiteko hizkuntza bat baino gehiago menperatu beharko duzu.
Euskara, gaztelera, ingelesa, frantsesa eta italiera kontrolatzen ditut; baina, gauzak zer diren, proiektu berri bat atera zait Alemanian eta alemana ikasten hasi naiz.
Zirkoarekin lotutako zerbait ere badago, ezta?
Datozen hilabeteetan, Paris eta Suitza artean biziko naiz. Parisera lanera joango naiz, baina bizi Monti zirkoko karabana batean biziko naiz. Zirkoko bizimodua gertutik ezagutzeko aukera izango dut, eta gustukoa badut, zirkoan lan egiteko saiakera egingo nuke.