Kutxabankeko kontseiluaren osaeraren aurka azaldu dira Bildu eta PSE-EE
Kutxabankekin lotutako hiru gai izan zituzten hizpide atzo Ordizian egin zuten osoko bilkuran, eta hiru puntuetan artean nabarmenena Kutxabanken administrazio kontseiluaren osaketaren aurka Bilduk eta PSE-EEk ebazpen beraren alde bozka eman zutela da. EAJk aurka bozkatu zuen. Bigarren puntua Kutxak jendaurreko ordutegia murrizteari buruz egindako salaketa da -aho batez onartu zen–, eta hirugarrena Kutxako ordezkarien inguruko taldekatze akordioarena, Bilduren aldeko botoekin aurrera atera zena. EAJ eta PSE-EE abstenitu egin ziren. Gai zerrendan Bilduk Kutxabanken ordezkapenari buruz sartutako proposamena zen aztertzekoa, baina Igor Eguren alkateak esan zuen hori atzera bota, eta Bilduk eta Euskal Sozialistak batzarkide taldeek adostutakoa jorratuko zutela. Batzar Nagusietan adostutako ebazpenak Kutxabankeko administrazio kontseiluaren eraketa eta osaketa arbuiatzen du, “bi indar politikoen interes alderdikoietan oinarritu delako, eta bi indar horien kontrol esklusiboaren pean egongo den administrazio kontseilu bat eratzea ahalbidetu delako, gizartearen eta euskal erakundeen ordezkaritza anitzaren parte hartzea alde batera utzita”. Era berean, ebazpenak eskatu du oraingo Kutxabankeko kudeatzaileek errespeta dezatela Kutxa erakunde sortzailearentzako erabaki zen ordezkaritza, bateratu ziren hiru kutxetako batzarrek onartu zuten bateratze-kontratuan erabakitakoaren arabera. Kutxak arautzeko euskal legedi bat behar dela ere nabarmendu dute. EAJ ebazpenaren aurka Jose Migel Santamaria EAJren bozeramaleak ebazpen horren aurka bozkatuko zutela esan zuen, eta beste testu bat irakurri [...]
Kutxabankekin lotutako hiru gai izan zituzten hizpide atzo Ordizian egin zuten osoko bilkuran, eta hiru puntuetan artean nabarmenena Kutxabanken administrazio kontseiluaren osaketaren aurka Bilduk eta PSE-EEk ebazpen beraren alde bozka eman zutela da. EAJk aurka bozkatu zuen. Bigarren puntua Kutxak jendaurreko ordutegia murrizteari buruz egindako salaketa da -aho batez onartu zen–, eta hirugarrena Kutxako ordezkarien inguruko taldekatze akordioarena, Bilduren aldeko botoekin aurrera atera zena. EAJ eta PSE-EE abstenitu egin ziren.
Gai zerrendan Bilduk Kutxabanken ordezkapenari buruz sartutako proposamena zen aztertzekoa, baina Igor Eguren alkateak esan zuen hori atzera bota, eta Bilduk eta Euskal Sozialistak batzarkide taldeek adostutakoa jorratuko zutela. Batzar Nagusietan adostutako ebazpenak Kutxabankeko administrazio kontseiluaren eraketa eta osaketa arbuiatzen du, “bi indar politikoen interes alderdikoietan oinarritu delako, eta bi indar horien kontrol esklusiboaren pean egongo den administrazio kontseilu bat eratzea ahalbidetu delako, gizartearen eta euskal erakundeen ordezkaritza anitzaren parte hartzea alde batera utzita”.
Era berean, ebazpenak eskatu du oraingo Kutxabankeko kudeatzaileek errespeta dezatela Kutxa erakunde sortzailearentzako erabaki zen ordezkaritza, bateratu ziren hiru kutxetako batzarrek onartu zuten bateratze-kontratuan erabakitakoaren arabera. Kutxak arautzeko euskal legedi bat behar dela ere nabarmendu dute.
EAJ ebazpenaren aurka
Jose Migel Santamaria EAJren bozeramaleak ebazpen horren aurka bozkatuko zutela esan zuen, eta beste testu bat irakurri zuen. EAJren testuak bat egiten du Kutxabankeko administrazio kontseiluaren izendapenarekin, eta kontseilua osatzen duten profesionaltasuna nabarmendu du. Halaber, administraizio kontseilutik kanpo kokatu diren taldeei “alderdikeriak baztertzeko eta Euskadiren garapen ekonomiko eta sozialerako berebiziko garrantzia duen egitasmora biltzeko” deia egin zien.
Kutxaren jendaurreko arreta ordutegia
Kutxak (Kutxabankek) Goierri eta Tolosaldeko zenbait herritako bulegoetan bezeroen arreta ordutegia murriztearen aurkako mozioa ere aurkeztu zuen Bilduk, eta EAJk eta PSE-EEk bat egin zuten proposamenarekin. “Hartutako neurriari aurka egin eta salatu egin nahi dugu, herritarrei dakarkien kalte larriarengatik. Bulegoa irekita mantendu dadila eskatzen dugu, orain arte bezala, inolako murrizketarik gabe”. Udalak Kutxabanken zuzendaritzari, bulegoetako zuzendariei eta udalerriko bizilagunei jakinaraziko die hartutako erabakia.
Kutxaren ordezkarien inguruko taldekatze akordioa ere onartu zuen udalbatzak, Bilduren aldeko botoekin. Ordiziak udalerri hauekin egingo du bat: Hernani, Oiartzun, Lezo, Astigarraga, Villabona, Lizartza, Zumaia, Mutriku, Zaldibia, Ataun eta Ibarra.
Presoen aldeko oihala udaletxeko balkoian
Kutxabankekin lotutako gai horiez gain, beste hainbat puntu ere jorratu zituzten. Egin Dezagun Bidea ekimenaren eskaria Bilduk sartutako proposamena aurrera atera zen. “Bat egin dugu eskaerarekin, iruditzen zaigulako Euskal Herriaren egoera politikoan aldaketa ematen ari dela, eta bidezkoa iruditzen zaigu”, esan zuen Igor Eguren alkateak. Presoen eskubideen alde aritzeko konpromisoa hartu du udalbatzak, eta presoak eta iheslariak Euskal Herrira ekartzeko eskatzen duen oihala jarriko dute udaletxeko balkoian. EAJ abstenitu egin zen, esanez presoen eskubideak errespetaraztearen alde daudela, baina biktimen egoerari ere aurre egin behar zaiola. PSE-EEko Iñaki Dubreuilek aurka bozkatu zuen.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek ustezko haur lapurtuen auzian laguntza eta elkarlan eskariari egindako adierazpen instituzionala aho batez onartu zuten, eta baita EBNP Euskara Biziberritza Plan Nagusian urtebetez luzatzea eta kooperazio proiektuei 95.000 euro ematea ere. Udal planeamenduaren aholkularitza batzordearen araudi aldaketa egiteko puntua gai zerrendatik kanpo geratu zen, eta hurrengo bilkuran aztertzekotan geratu ziren.