Eskutik eskura, katea hasi da
http://youtu.be/au3ZqgZR2UI Erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduarentzat 2014 urte «berezia» da. Eskoziako eta Kataluniako erreferendumen harira, Euskal Herrian ere olatua uholde bihurtu nahi dute. Nola barruan, hala nazioarteko oihartzunari dagokionez. Hartarako, Gure Esku Dago dinamikak biurteko plangintzako azken txanpari ekingo dio, iazko ekainean Irungo Ficoban (Gipuzkoa) hasiera eman ondoren. Ekainaren 8ko giza-katea izango da aurten erakusgarri ikusgarriena.
Aurkezpenak ere hainbat herritan egin dituzte, larunbatean Idiazabalen, kasu. Nazioen Munduaren sehaskan, sentsibilitate politiko ezberdineko kideek erabakitzeko eskubidearen aldarri komunaren alde egin zutenetik zazpi urtera, «garaia iritsi» dela ohartarazi dute.
«Ikusi da, Idiazabalen 2007an hasita, oinarri komun batetik abaituta elkarrekin pausoak emanez, eragiteko gaitasun handia izan dezakegula. Txinparta sortzeko aukera badugu», esan zuren Gure Esku Dago dinamikako Anjel Oiarbidek.
Demokraten indar metaketa
Beste behin, eta orain arteko mezuari eutsiz, argi utzi zuen helburua erabakitzeko eskubidearen alde egin eta gauzatzeko aukera lortzea dela. «Sentsibilitate desberdineko herritarrak» elkartzea lehenetsi dute, eta ez abertzaleen arteko indar metaketa. «Erabakitzeko eskubidea ez den beste aldarririk edo lelorik ez dugu bultzatuko. Badakigulako zenbat kostazen den adosgune bat sortzea».
Eskubide horri abertzaletasunaren estalkia kendu dio, «eskubide prepolitikoa eta demokratikoa» dela oroitaraziz. Herritarrei batzorde antolatzaileetan parte hartzeko dei egin zien.
Ekitaldian izan zen Gure Esku Dago egitasmoko bozeramaile Zelai Nikolas ere. Idiazabaldarrei «eskerrak» ematera etorri zela esan zuen berehala. «Ezinezkoa zirudiena posible egiten ari gara, hein handi batean zuei esker. Erabakitzeko eskubidearen alde nola egin daitekeen erakutsi diozue Euskal Herri osoari: herriz herri, norberak egin behar du, denok ahalegina jarrita. Lehenago, gure kezka nagusia zen alderdiengan nola eragin. Zuek irakatsi diguzue alderantziz egin behar dela».
Gure Esku Dago dinamikan «ehunka pertsona» murgiltzen ari direla azaldu du Nikolasek, herrika. Ekainaren 8koa «hasiera besterik» ez dela argitu zuen Eusko Jaurlaritzako legelariak. «Gure helburua ez da hor amaitzen. Ikusi behar dugu zer nolako indarra biltzen dugun aurrera egiteko. Gure helburua, gizartean erabakitzeko eskubidearen aldeko plataforma zabal eta anitza da. Hori urritik aurrera egingo dugu», aurreratu du Nikolasek.
Ildo horretatik, Oiarbidek gaineratu zuen giza-katea ondo irtetea «funtsezkoa» dela. «Europa eta mundu osoa Eskoziara eta Kataluniara begira egongo dira. Ea Euskal Herrian gai garen eta sinisten dugun, eta besoa altxatu eta gu ere jokaleku horretan gaudela esaten dugun».
Sintonia, ekitaldiak, ekarpena
Hainbat ekitaldi egiteko asmoan dira herrietan, giza-katea aurrez girotzeko. Bakoitzak antola eta asma ditzake jarduerak. Sintonia bat ere sortu dute, Euskal Herriko ehun artista baino gehiagorekin. Kirmen Uribe idazleak egin ditu abestiko letrak.
Atxikimendu pertsonalak jasotzen ari dira herrietako batzordeak. 16 urtetik gorakoek izen-abizenak eman behar dituzte giza-katean parte hartu ahal izateko, eta 5 euroko ekarpen bat egin. Zapi bat eta poltsatxo bat emango dizkiete, eguna inguratu ahala. Lepoko zapi bat ere salgai jarri dute, 2 euroan.
Aurkezpenean, Kontxita Beitia lehen ikastoletako irakasleak, dinamikak eragin dion «ilusioa» adierazi zuen: «Inork ez digu kenduko gure oinarrizko eskubidea. Gure esku dago».
Goierritarrentzat bost kilometro
Ekainaren 8ko giza-katea 12:00etatik 12:30era bitartean izango da, igandearekin. Eskuz esku, kilometro bakoitza betetzeko 400 bat lagun beharko dira (2,5 metroko bat). Ibilbidearen 123 kilometroetatik bost izendatu dituzte Goierriko 22 herrientzat. Gutxienez 2.000 lagun behar dira. Batetik, Goierri goialdeko bizilagunek Urretxuko eta Zumarragako kaleetan osatuko dute katea. Labeaga kalean hasi, eta Zumarragako tren geltoki pareko zubitik auzo herrian jarraituko du kateak, udaletxe aurreraino; Eitzagako San Gregorio kalean bukatuko da hiru herri horientzat izendatutako tartea. Antolatzaileek herri bakoitzetik gutxienez zenbat jende kopuru beharko den ere kalkulatu dute: Legazpin 100, Zumarragan 150 eta Urretxun 150 lagun. Lau kilometro, lau zatitan Eskualdeko beste 19 herrietako partaideek Gabiria eta Ormaiztegi arteko Gi-2632 errepidera joan beharko dute. Alegia auzko bidegurutzean (Gabiria) hasiko da goierritarren katea, eta Salbatore auzoa baino aurreraxeago (Beasain) bukatu (51-54. kilometroak). Lau kilometroko zati horretan, lau eremutan banatu dute bidea. Alegiako bidegurutzetik Ormaiztegiko Imeguisa lantegi parera (A-B tartea, beheko mapan) honako herrietakoak jarriko dira: Ezkio-Itsaso (25 lagun, gutxienez), Gabiria (25), Ormaiztegi (60), Mutiloa (20), Zerain (20), Zegama (80), Segura (100) eta Idiazabal (95). Ormaiztegitik Osinalde karrozeriara bitartean (B-C), Olaberria (40), Lazkao (220) eta Ataungo (140) herritarrak egongo dira. Hirugarren zatia Osinalde garaje paretik Lapurretxeko bihurgunera da (C-D), Itsasondo (60), Legorreta (100) eta Ordiziakoena (240). Azkenik, Salbatorera bitarte Beasain (250), Zaldibia (100), Gaintza (10), Arama (20) eta Altzaga (20) jarriko dira. Aurkezpenak- Lazkao. Herriko batzordearen bilera, giza-katea aurkezpena Lazkaon antolatzeko. Bihar, osteguna, 18:30ean, udaletxean.
- Zaldibia. Bideo grabaketa Gureeskuklip lehiaketarako, taldeentzat eta norbanakoentzat. Igandean, 11:30ean, plazan.
- Legazpi. Aurkezpena otsailaren 8an, larunbata. 12:00etan, azokako arkupeetan.
- Beasain. Aurkezpena otsailaren 14an, ostirala. 19:00etan, Usurbe antzokian.
- Aurkezpenak eginda: Zaldibia, Segura, Idiazabal, Ordizia…













