Hondakin bilketa sistema berria martxoaren 3an hasiko da; errefusa astean behin soilik bota ahalko da, edukiontzi txikiago batera
Olaberriko Udalak herriko hondakin bilketa sistema aldatzea erabaki du. Udalbatzako hiru taldeek aho batez onartu dute, eta martxoaren 3an jarriko dute martxan. Zabor arruntaren edukiontzi berdea kendu egingo dute, eta horren ordez ontzi txikiago bat ipiniko dute, neurriz erdia eta kolore grisekoa. Errefusa hara bota ahalko da, baina astean behin bakarrik (asteazkenetan, 24 orduz) eta etxe bakoitzeko banatuko duten txartel magnetiko batekin irekita.
Kalean mantenduko dituzte gaikako materiala biltzeko ohiko lau edukiontziak: paperarena, beirarena, ontzi arinena eta organikoarena. Birzikla ezin den zaborrarena kenduko dute, soilik.
Olaberriko Udalbatzako hiru taldeetako ordezkariak eta Sasietakoa, gaur, hondakin bilketa sistema berria aurkezten./Aimar Maiz
Zegaman abenduan jarritako sistema bera da. Txip magnetiko batekin ireki ahalko dira ontzi gris berriak. “Ahalik eta gaikako bilketa gehien egitea, eta ahalik eta errefusa gutxien sortzea” da helburua, Jokin Garmendia alkateak gaur esan duenez.
Olaberriak %49ko bereizte tasa izan zuen 2014ko urte osoan, batez beste. Bilketa berriarekin, %70era edo 80ra igo nahi dute portzentajea. “Abiapuntua ona da, baina hobetu nahi dugu. Zabortegira ahalik eta hondakin gutxien bota behar da, Europatik datozen arauak bete beharra daukagu, baita Gipuzkoan dauzkagunak ere”, esan du Sasietaren zerbitzuburu Iñaki Erauskinek.
Herritarrentzat bi informazio bileta antolatu ditu Sasietak. Datorren asteazkenean izango dira (urtarrilak 28), Ihurreko ludotekan 15:00etan (gaztelaniaz), eta udaletxean 18:30ean (euskaraz). Deitzen zaienean, herritarrek udaletxera joan beharko dute txartel berria hartzera, orain poltsa konpostagarriak makinatik hartzeko daukatenek ez dutelako balioko.
Edozein motatako hondakinak jaso ditzakeen edukiontzi berdea kendu egingo dute Olaberritik./Aimar Maiz
Merkataritzarako eta ostalaritzarako beste modu bat prestatu dute. Denda, taberna edo jatetxeek errefusarentzat ontzi gris propioa izango dute, eta haiei zuzenean jasoko diete. Merkataritza gune handiak eta industria plangintza horretatik aparte geratzen dira, ohi bezala.