Adimen urriko pertsonen integrazioa bultzatu nahi dute egitasmo berriarekin. Beasainen larunbatean egingo dute eta Legazpin ekainaren 27an. Txartelak salgai daude dagoeneko.
Beasainen herri bazkaria egingo dute larunbatean Atzegiko kideek.
Atzegi elkarteak egitasmo berria aurkeztu du «adimen urritasuna duten pertsonek emateko uste baino gehiago dutela» erakusteko helburuarekin. Bi herri bazkari antolatu dituzte datozen egunetarako: lehenengoa Beasainen egingo dute eta bigarrena Legazpin.
Atzegiren azkeneko Elkarri On sentsibilizazio kanpainaren barruan kokatu dituzte bazkariak: «Aukera zoragarria izango dugu adimen urritasuna duten herriko pertsonak ezagutzeko eta elkarrekin gozatzeko». Era berean, «elkarrengandik jasotzeko asko eta elkarri emateko asko daukagula» aldarrikatu nahi dute elkarteko kideek.
Gizarteratzea bultzatzeko bidean beste urrats bat gehiago da herri bazkariena: «Beste behin adimen urritasuna duten pertsonek zertarako diren gai erakutsiko dute». Izan ere, herri bazkariaren antolaketan adimen urriko pertsonak ariko dira; besteak beste, mahaiak jartzen eta janaria zerbitzatzen lan egingo dute.
Gogo eta ilusio handiarekin ari dira prestaketa lanetan, eta elkartasun ekintza horietan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte herritarrak: «Giro ezin hobea izango da».
Beasainen larunbatean
Beasainen larunbatean egingo dute bazkaria Loinazko San Martin plazaren azpian. Txartelak 10 euroan eros daitezke La Goleta, Plazape eta Basakana tabernetan eta Antzizar kiroldegian. Paella, oilasko izterrak eta postrea izango dute bazkaltzeko, ura, sagardoa eta ardoa lagun dutela. Beste behin ere, herriko hainbat talderen babesa jasoko du Atzegik Beasainen. Goizean, Aurtzaka taldeko dantzarien saioa izango da, eta bazkal ondorengo giroa alaitzen Kantujirako kideak ariko dira.
Legazpin hilaren 27an
Legazpiren kasuan, ekainaren 27an izango da paella jana, 14:00etan, Euskal Herria plazan. Bazkalondoren dantzaldia izango dute. Txartelak sei euroan daude salgai Legazpiko Garagunean. Baxera itzulitakoan euro bat berreskuratzeko aukera egongo da. Hare Haizea elkartearen eta San Ignazio kuadrillaren laguntza izango dute, besteak beste.