Larunbatean da ospakizuna, eskolan. Ate irekien jardunaldia, erakusketak eta bazkaria izango dira. Liburua argitaratu, eta webgunea berritu eta elastiko bereziak egin dituzteLegorretako Ugaro Herri Ikastetxeak 25 urte bete ditu. Eskolako komunitateak e...
Legorretako Ugaro Herri Ikastetxeak 25 urte bete ditu. Eskolako komunitateak eta herritarrek larunbatean ospatuko dute mende laurdeneko ibilbidea, eskolan bertan ate irekien jardunaldia, erakusketak, hitzaldiak eta bazkaria eginda.
Berez ikastetxeentzat lantsua izan ohi da ekaina, kurtso bukaera, azterketak eta txostenak direla eta. Urteurreneko ospakizun egitarauaren antolakuntza gehitu zaie irakasleei. «Dena eskolatik kudeatu dugu. Lana izan da, horretan ez garelako adituak. Baina pixkanaka ikasi dugu, talde txikietan banatuta. Talde-lana izan da, eta dena prest dago larunbaterako», azaldu du Regina Sorarrainek, ikastetxeko idazkariak.
Ugaro herri eskolaren eraikina, Legorretan./Aimar Maiz
Larunbatean 11:00etan hasiko da festa. Osagai berri ugari aurkeztuko dituzte Ugaroko haurrek eta irakasleek. Batetik, jairako bereziki atera dituzten elastikoekin joango dira denak. Bestetik, ereserkia ere ondu dute, eta lehenbiziko aldiz abestuko dute. Pirritx eta Porrotx pailazoen
Eskuetan pieza moldatu dute, Ugaroren ereserkitarako.
Estudioan grabatu dute abestia, haurrak hara eramanda. Ereserkiak irekiko du egitaraua. Horrez gain,
lipdub edo musika-bideo bat ere egin dute. Eskolako liburutegian egongo da ikusgai, etenik gabe, pantaila batean.
Izan ere, ikastetxea barrutik erakusteko ere balioko du festak. Dantzarien Agurraren eta zuzendariaren hitzaldiaren ondotik, ateak irekiko dizkiete guraso eta legorretar guztiei. Baita haur eskolarenak ere, Ugaroren eraikin berean dagoelako.
Bazkaria 300 lagunentzat
Eskolan barrena, erakusketa ugari jarriko dituzte: 25 urteen errepasoa egiten duten argazki bildumak, bideo emanaldiak,
lipdub ikuskaria… Ate irekien jardunaldia 13:00ak arte da, ekitaldia bukatu eta eskola itxiko baitute orduan.
Festak jarraituko du, ordea. Ugaro ikastetxean bertan izango da herri bazkaria. «300 bat lagunentzat izango da bazkaria. Herriko elkarteek prestatuko dute, baina eskolak berak kudeatu ditu erosketak», dio Sorarrainek.
Musikarekin eta dantzaldiarekin borobilduko dute festa, gero.
Legorretako Ugaro herri ikastetxea 1990ean sortu zuten. Ordu arteko herriko bi eskolek, publikoak eta ikastolak, bat egin zuten. Gaur egun 160 bat ikasle ditu, eta klaustroa 20 irakaslek osatzen dute. Herriko 106 familia dira Ugaroko partaide.
Eskaintza akademikoa, berriz, 12 urtera artekoa da. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza ematen dira.
Liburua argitaratu dute
Mende laurdeneko historia liburu batean bildu du ikastetxeak. Aurreko ostiralean jaso zituzten inprimategitik aleak, eta eskatu zuten 83 familiari banatu diete. Soberan geratu direnak larunbatean salduko dituzte, 5 euroan. Legorretako Udalak, eta Ederfil eta Eredu enpresek lagundu dute argitalpena.
Ikasleek eurek egindako lanak ditu liburuak. «Proiektu pedagokikoa duela bi urte hasi genuen. Haur Hezkuntzakoek eta gehien bat Lehen Hezkuntzakoek egindako lanak ditu liburuak. Eskolaren historiaz gain, Legorretarena ere jaso dugu: herriaren ibilbidea, biztanleria, 400. urteurrenarekin lotutako gai historikoak, artxibategietan aurkitutako agiriak…».
Gurasoak haurrak jasotzera, atzo eguerdian./Aimar Maiz
Ikastetxearen webgunea ere aurten berritu dute:
www.ugaro.hezkuntza.net. Informazio ugari dauka, agenda, argazkiak, martxan dituen proiektuak eta zerbitzuak barne.
Gaztetasun betean iritsi da Ugaro 25. urteurrenera. «Bizi-bizirik dago eskola. Metodologia berriak eraikitzeko gogoz eta ilusioz gaude. Proiektu integrala daukagu».
2014-2015 ikasturtearen bukaera ohi baino alaiagoa izango da, aurten, Legorretan. Kurtsoaren eskakizunak ez ezik, 25 urteren historia ere nota onarekin gainditu dutelako. Ospakizunerako arrazoi bikoitza, larunbatekoa.