Triatloia, pilota, sagardo edatea eta festa giroa jarriko ditu Gazte Festak Zaldibian
Zaldibiako Gazte Asanbladak antolatutako 18. Gazte Festak bihartik larunbatera ospatuko dituzte, Zaldibian. Ohi bezala, askotariko ekitaldiak prestatu dituzte, sustraitutakoak tartean.Bihar, osteguna, 16:30ean II. Triatloia jokatuko da. Lehen edizioa b...
Zaldibiako Gazte Asanbladak antolatutako 18. Gazte Festak bihartik larunbatera ospatuko dituzte, Zaldibian. Ohi bezala, askotariko ekitaldiak prestatu dituzte, sustraitutakoak tartean.
Bihar, osteguna, 16:30ean II. Triatloia jokatuko da. Lehen edizioa borobil atera zela eta, korrikako, bizikletako eta Amundarain errekan igeriketako atalak izango ditu lehiaketak. Izena emateko zerrenda Joxepanen dago, baina egunean bertan azalduta ere izango da parte hartzeko aukera.
Txupinazoa botatzea eta arkakusoa jaistea bihar 19:00etan dira, gaztetxeko balkoitik. Triki-poteoa, 21:30ean ogitartekoekin afaria eta 23:00etan iazko Gazte Festetako irudiekien bideo emanaldia izango dira bihar.
Ostiralean, Joxepane ostatua ixteko agindua salatzeko hitzaldia egingo dute, 16:00etan. Iluntzean, estimu handiko bi ekitaldi jarri dituzte, ohiturazkoak: Sasipilotari txapelketaren 18. aldiko finala (18:00), eta sagardo dastaketa (20:00), 15 sagardotegitako edariekin. Lehenengo txotxa zabaltzean, eskaintza berezia egindo dute. Gaueko erromeria Erokomeri taldeak girotuko du.
Bigarren finalerdia gaur
Sasipilotariko lehenengo finalista zein den astelehen gauean jakin zen: Peru Elosegi. 21 urteko gazteak 22 eta 13 irabazi zion Harri Urdangarin lehengusuari (38 urte). Gaueko 22:00ak jota jokatu zuten, plazan.
Bigarren finalaurrekoa gaur arratsaldean jokatuko dute. Eneko Aristi Bixu eta Mikel Gantzarain Bixki ariko dira, aurrez aurre. Biak Zaldibiako Sasipilotarin txapeldun izanak dira —baita Urdangarin ere, orain urte batzuk—.
Gazte Festen hirugarren eta azken egunean, larunbatean, III. Paella lehiaketa egingo dute, 12:30ean hasita. Ondoren, bazkaria. Txartelak (5 euro) Illatin, Beti-Gazten eta Joxepanen dauzkate salgai. Arratsaldean jolasak, elektrotxarangaren kalejira (19:00) eta gauean Uluka eta Sukarra37 taldeak (23:30) daude.