Igandean egingo diren Espainiako Gorteetarako Hauteskundeetarako boto eske aritu dira alderdiak Ordizian. Mezu orokorrak eta lehen sektoreari lotuak zabaldu dituzteHauteskunde hitzordu bat edo beste izan, kanpainako bigarren asteazkena ferian presente ...
Igandean egingo diren Espainiako Gorteetarako Hauteskundeetarako boto eske aritu dira alderdiak Ordizian. Mezu orokorrak eta lehen sektoreari lotuak zabaldu dituzte
Hauteskunde hitzordu bat edo beste izan, kanpainako bigarren asteazkena ferian presente egoteko baliatu ohi dute alderdiek. Espainiako Gorteetarako Hauteskundeak egingo dira igandean, eta Euskal Herritik begiratuta kanpainarik urrunena bada ere, bost alderditako ordezkari eta hautagaiak Ordizian izan ziren atzo propaganda eta boto-paperak banatzen.
Espainiako Kongresurako EH Bilduren zerrendaburu Marian Beitialarangoitiak astelehenean Ordiziako Barrena kultur etxean emandako hitzaldiaren ondotik, udal zinegotziak eta Judith Garcia batzarkidea aritu ziren atzo propaganda banaketan. «Merkaturatze kanal motzak» babestearen alde agertu zen Garcia.
Batzarkidearen esanetan, arlo guztiei buruzko erabakiak «Euskal Herrian bertan hartu» behar dira, elikadura burujabetza tartean, «eta hori bermatzen duen alderdi bakarra EH Bildu da». Bihar, 19:00etan, egingo du kanpaina itxierako ekitaldia koalizioak Ordiziako Plaza Nagusian.
Kongresurako eta Senaturako EAJren hautagaiak, Joseba Agirretxea eta Maria Eugenia Iparragirre, herriko ordezkarien laguntzaz ibili ziren atzo ferian. «Guk ez daukagu promesa faltsurik egitekorik. EAJri botoa ematea Euskal Herriaren alde Madrilen hobekien egingo duenaren defentsa egitea da. EAJ bermea da», adierazi du Agirretxeak. Gaur, 11:30ean, Beasaingo Salbatore auzoko industrialdean izango da EAJren hautagaia.
Alderdi orokorren esanak
PSE-EEko hautagai Rafaela Romero alderdikidez inguratuta aritu zen larrosak banatzen. Haren ustez, Espainiak «merezi ez duen presidente bat» izan du azken lau urteetan. «PPk dena ondo doala esaten du, baina jendea lan eta soldata duinak behar ditu, prekarietatea alboratuz».
Ahal Duguk kanpainako bost puntu nagusiei egin die erreferentzia, «politikoki eta ekonomikoki dauzkagun arazoak sustraietatik aldatzeko».
Unidad Popular-Orain Baterako Xabier Pombo «nekazariak eta langileak defendatzeko» izan zen Ordizian, eta bertako nekazarien aurka doazen nazioarteko tratatuei aurre egiteko.