Duela bi hilabete ireki zuten Idiazabalen fruitu denda Farrukh Zulfiqar (Lahore, 1981) eta Aleem Iqbal (Lahore, 1970) pakistandarrek. Euskal Herrian betirako geratzea dute helburu.Duela pare bat hilabete inguru ireki zenuten fruitu denda Idiazabalen. Z...
Duela bi hilabete ireki zuten Idiazabalen fruitu denda Farrukh Zulfiqar (Lahore, 1981) eta Aleem Iqbal (Lahore, 1970) pakistandarrek. Euskal Herrian betirako geratzea dute helburu.
Duela pare bat hilabete inguru ireki zenuten fruitu denda Idiazabalen. Zer moduz doa?
Aleem Iqbal: Oraindik ere ezagutzera ematen ari gara. Askok ez dakite hemen gaudela, baina tira, ez daramagu denbora asko eta normala da hori ere. Hala ere, inguratzen den jendea oso jatorra da gurekin, eta hori asko eskertzen dugu.
Farrukh Zulfiqar: Gutxika ari gara martxa hartzen, baina jendearen harrera oso ona izan da.
Pakistangoak zarete biak, eta Idiazabalen zaudete lanean. Nolatan aldaketa hau?
A. I.: Biok Pakistango Lahore hirikoak gara, eta bertan ia zazpi milioi lagun bizi dira. Nik, ordea, urte asko daramatzat Pakistanen bizi gabe: 2004. urtean Bartzelonara joan nintzen lan bila, eta bertan aritu nintzen hainbat urtetan. Ondoren, Donostian aritu nintzen, eta azkenik, Idiazabalen.
Zertan lan egiten zenuen Donostia eta Bartzelonan?
A. I.: Beti elikagaiekin aritu naiz lanean, baina inoiz ez saltzen. Oraingoa da lehen aldia.
Gaztetatik egin duzue lan?
F. Z.: Ez, biok unibertsitatera joan ginen, eta ekonomiaren alorrean espezializatu ginen. Nik Sind Unibertsitatean ikasi nuen, eta Farrukh-ek Lahore Unibertsitatean, hori emakumeentzako da soilik. Hala ere, gure ikasketekin lotutako ezer ez genuen ezer aurkitzen, eta horregatik salto egin dugu hona.
Zergatik, baina, ireki duzue denda Idiazabalen?
A. I.: Bartzelonan eta Donostian bizi ostean argi neukan Euskal Herrian bizi nahi nuela, eta nire emazteak ere hala nahi zuen.
F. Z.: Ni hiru-lau bat hilabeterako bakarrik etorri naiz Idiazabalera. Ondoren, berriz ere Pakistanera itzuliko naiz, han dugu eta gure alaba. Oraindik ere txikia da, hiru urte besterik ez dauzka. Gogorra da berarengandik urrun egotea, baina behintzat alabarekin harremanetan gaude: egunero hitz egin eta ikus dezaket egungo teknologiari esker. Nire ama eta arrebak zaintzen dute ni hemen nagoen bitartean.
A. I.: Bai, gure helburua alaba Pakistandik hona ekartzea da, eta Euskal Herrian bizitzen jartzea betiko hirurok, familian.
Gustuko duzue orduan Euskal Herria.
A. I.: Biok argi dugu hemen bizi nahi dugula. Hemen giro lasaia da nagusi, ez dago tentsiorik eta bizi lasaia egiteko ezin aproposagoa da. Guk hori bilatzen dugu. Egun Ataunen bizi gara alokatutako etxe batean, baina Idiazabalen bizi nahi dugu, lana hemen dugulako. Horregatik etxe edo gelaren bat alokatzen duen norbaiten bila gabiltza.
Saltzen dituzuen fruituak nondik ekartzen dituzue?
F. Z.: Aleem joaten da autoz Bilbora fruituak ekartzera.
A. I.: Bai, Bilbon saltzen dituzten produktuak oso maila altukoak dira, eta horregatik ekartzen ditut handik.
Pakistanen zer moduzko lan egoera dago?
A. I.: Hango egoera ez da hain txarra, ez behintzat guk ezagutu duguna. Lana, egon badago. Nik han badut lana: landako lana da, kotoia ateratzen dugu landaretik. Lana bai, baina giroa ez da erraza.
Tentsio giroa al dago?
A. I.: Bai, tentsio izugarrian bizi ginen, lapurretak, gauzak puskatzen dizkizute… bizi kalitatea beraz, ez da horren ona. Orain, hemen, ni lasai joaten naiz dendaren batera zerbait erostera nire emaztea dendan bakarrik utzita. Pakistanen ez da berdina.
Pakistandarrek dezente komertzio ireki dituzte Goierrin, askok fruitu dendak. Horren zergatia zein den ba al dakizu?
A. I.: Ba ez nuke jakingo zein den arrazoia. Gainera, hilabete gutxi daramatzagu, eta ez dut Pakistango beste inorekin harremana egiteko aukerarik izan. Posiblea da beraiek ez jakitea hemen gaudela, baina agian elkarren berri izango dugu.