Lurraldeko lehen mailara igo da Ormaiztegiko eskubaloi taldea. Urtebete baino ez dute egin bigarren mailan, eta jada lortu dute jauzia egitea. Hurrengo erronka: maila autonomikoa.
Ormaiztegiko Kirol Elkartea 1976an sortu zen, eta harekin batera eskubaloi taldea. Herri txikia izan arren, afiziorik ez dute falta izan. Hamalau urtez —ez jarraian—, maila automikoan ere jokatu zuen Ormaiztegiko eskubaloi taldeak. Urteak dira azkenekoz maila autonomikoan jokatu zutela, baina berriro ere bidean dira. Izan ere, datorren denboraldian lurraldeko lehen mailan jokatuko dute, eta maila autonomikora jauzi egitea da datozen urteetarako ezarritako erronka.
Dena den, oraingoz, taldea lurraldeko lehen mailan egonkortzea izango da helburua. Hala adierazi du Anbrosio Apaolaza entrenatzaileak. Izan ere, taldekide guztiak oso gazteak dira, hamazazpi eta hemeretzi urte bitartekoak. «Duela sei urte apostu handia egin genuen haurrekin lan egiteko, eta talde bat aurrera ateratzeko; eta orduko haur horiek dira gaur egungo taldea osatzen dutenak», adierazi du Apaolazak, pozik.
Orain hiru erronka dituzte
Duela bi aste jakin zuten ormaiztegiarrek lurraldeko lehen mailara igoko zirela, Zubipe kiroldegian bertan, Donostiako Saieko taldearekin 22na berdindu ondoren. Izan ere, nahikoa zuten berdinketa mailaz igotzeko. Ezusteko pozgarria izan da taldearentzat. Urtebetez baino ez dute jokatu lurraldeko bigarren mailan, eta dagoeneko lehenengora jauzi egitea lortu dute. «Gure asmoa aurrean ibiltzea zen, baina ez genuen inolaz espero igotzea», esan du Apaolazak.
Datozen urteetarako hiru erronka nagusi ditu taldeak. Batetik, talde nagusia egonkortzea eta maila autonomikora igotzea. Bestetik, atzetik datozen gazteekin lan egitea, talde nagusian sartu ahal izateko. Eta, azkenik, herriko haurrak erakartzea, gaztetxoen talde berri bat sortzeko. Izan ere, gaur egun ez dute haurren talderik.
Hamabost kide ditu Ormaiztegiko eskubaloi taldeak, eta gehienak herrikoak dira. Apaolaza bera ere ormaiztegiarra da, eta urte askoan herriko eskubaloi taldean jokatua. 1984az geroztik da entrenatzailea, eta 2009an merezitako omenaldia egin zioten Zubipe kiroldegian, egindako lanagatik. Apaolazarentzat omenaldirik handiena, ordea, haurrak zirenetik entrenatzen dituen mutil hauek aurrera doazela ikustea da, dudarik gabe.