Eraikuntza metalikoen produkzioari eta entsegu ez-suntsitzaileei buruzko formazioa jasoko dute. Ekainean egin behar dute eskaera. Irailean hasi eta apirilean bukatuko da
Enplegu planaren barruan, langabetuak lan munduan txertatzeko helburuarekin, Beasaingo eta Ordiziako udal gobernuek, formakuntza egitasmoen aldeko apustua egiten jarraitzen dute.
Era horretan, langabezian dauden pertsonei zuzendutako espezializazio ikastaroa antolatu dute
Goierri Eskolarekin elkarlanean. Beasaingo Udaletik nabarmendu dutenez, «Goierri Fundazioko Lanbideren bulegoak eskualdeko enpresek dituzten beharrak antzeman ditu, eta haiei erantzungo die» ikastaroak.
Produkzioa metal eraikuntzetan eta entsegu ez-suntsitzaileak izeneko ikastaroa irailetik ekainera bitartean egingo dute Goierri Eskolan; astelehenetik ostiralera, 13:30etik 18:30era. Ikastaroaren helburuak ondorengoa da: eraikuntza metalikoetan eta galdaragintza lanetan erabiltzen diren sistema automatikoen eragiketa prozesuak eta programazioak zehaztea eta ekoizpena antola tzea eta gainbegiratzea, hori guztia, prozesuaren dokumentu teknikoetatik abiatuz, kalitate-irizpideak erabiliz eta laneko arriskuak prebenitzeko eta ingurumena babesteko arauak betez.
Beasainen eta Ordizian erroldatutako langabetuek dute izena emateko aukera. Horrezaz gain, beharrezkoa da Batxilergoa edo baliokidea den titulazioa, edo 3. mailako ziurtagiri profesionala egiteko titulazioa edukitzea.
Ikastaroan parte hartu nahi dutenek eskaera aurkeztu behar dute ekainean, Goierri Eskolan (943 880 062). Sarrera baldintzak betetzen dituzten pertsonen artean hautapen prozesu bat burutuko da. Fabrikazio mekaniko, Elektrizitate-elektronika, Instalatze eta mantentze lana eta Ingeniaritza ikasketak, eta industria sektorean 12 hilabeteko lan eskarmentua izatea lehenetsiko dituzte. Formakuntza ikastaroaren amaieran, ikasleek akademia ziurtagiri ofiziala eskuratuko dute.
103.000 euro
Egitasmo berriak 103.000 euroko aurrekontua du eta Beasaingo eta Ordiziako udalek finantzatuko dute: Beasainek % 60a ordainduko du eta Ordiziak % 40a. Informazio gehiago Goierri Eskolan edo bi udaletan eskura daiteke. 2014-15 ikasturtean antzeko egitasmoa burutu zen eta parte hartu zutenen % 80a lanean ari da.