Piper erre usaina nagusi izan da Ordiziako erdi gunean udako azken ferian. Udazkena bertan dela iragartzeko etorri dira gaztainak eta irasagarrak. Bertako perretxikurik ez dago oraindik.
Plaza Nagusitik kanpo egin beharreko lana nonbait. Erretzeak berak botatzen duen usain gozoa ez da horretara mugatzen, eta kearra dario erretzeko makinari. Hala beharrez, Barrena jauregiaren aurreko Nikolas Lekuona plazan ekin zion atzo Jose Luis Amatriainek lan horri: «Gaur hasi eta hemen izango gara urriaren bukaerara arte; lehenago ere, izan bazen piperrik, baina jendeak eguraldia hozten hasten denean erosten du. Gaur ondo hasi gara» aitortzen zigun.
Eguraldi beroarekin hain erosoa ez den lana eta lehen, berriz, etxeko sua piztuta zegoenean labearen beroa baliatuz egiten zena da piperrak erretzearena. Garaian garaikoa hori ere. Aukeran Najerano, piko eta pikillo ditu salgai Amatriainek, kilo freskoa 1,45 euroan, eta errea 10 euroan 5 kilo eta 18 euroan 10 kilo. Geroago hasiko du bola motakoa.
Plazan ere inguruan jartzen diren postuetan kilo asko zen atzo salgai. Piperraren hilabe-tean gaudenez hala erabaki du
12 hilabete, 12 produktu egitasmoak, astero Nafarroako piper mota ezberdinak saltzeko postu bat jarriko da plaza barruan, eta atzo Zumarragako Cruz anaien txanda izan zen. Aipaturiko motaz gain, mendabia deitzen dena ere bazuten.
Prezioei dagokienez, batez beste 1,30 eta 1,64 euro artean saltzen zen kiloa, barietate guztiena. Kaxaka erosita, berriz, merkexeago.
Gaztaina eta irasagarra
Bestalde, gutxi batzuk badarik ere, gaztainak ekarri ditu Lasak, Oiartzungoak, kiloa 4 euroan. Bere postuan perretxiko aukera handirik ez zen atzo ere, hemengo gibelurdin eta onddo pare batekin osatutako 3-bat kilo besterik ez. Kanpotik ekarrita, aldiz, onddo eta zizahori dezente zituen. Euriak bazterrak busti dituela eta, horrek emango duenaren zain daude biltzaileak.
Lehen irasagarrak ere iritsi dira. Zaldibiako Axun Etxeberriaren postuan zeuden, kiloa 2 euroan. Haize honek bota dituela, bestela oraindik arbolan hobeto zeudela aitortzen zuen.
Udare eta sagar mota berriak ere baziren mahai ezberdinetan: nashi, etxekoa, cascade…
Neguko loreak
Loreen panorama ere ari da aldatzen. Oraindik goiz bada ere, Azanzaren postuan negua ongi daramaten ziklamen, azalea, pentsamentu eta primulak ageri ziren. Baina oraindik udako lo-reak luzitzen segitzeko moduko eguraldia egingo duenaren esperantza zen nagusi.