Haurrei eta haien familiei zuzendutako Hip Hip Urri ekimenak hirugarren astea du. Askotariko ekitaldiak prestatu dituzte Goierriko herrietan. Berrikuntza bat Zaldibian izango da, etzi
Erdibidea gainditu du, asteburuan, Gipuzkoa osoan hirugarren aldiz garatzen ari den Hip Hip Urri egitasmoak. Familientzat pentsatutako kultura ekitaldi, bisita, ibilaldi edo jolas egitarauari beste bi aste geratzen zaizkio. Astebukaera hau izango da Goierrin oparoenetakoa, ekitaldi kopuruari dagokionez.
Besteak beste, Goierriko 14 udalek eta bi garapen agentziek babestu dute ekimena. Bigarren urtea du Hip Hip Urrik eskualdean. Aurten, Legazpi eta Ezkio-Itsaso batu dira. Gipuzkoa guztian 140 ekitaldiko egitaraua atondu dute; horietatik 31 Goierrin buruko dira.
Urriko asteburu guztietan dago eskaintza zabalduta. 2001ean sortu zuten, Herbehereetan. Familiek aisialdiko jarduerak elkarrekin egitea du helburua, «haurrak txikitatik kultura kontsumitzera ohi daitezen».
Berritasuna, Zaldibian
Hip Hip Urriren koordinatzaile Leire de Miguel lazkaotarrak Zaldibiako ekitaldia nabarmendu du, aurtengo berritasun aipagarriena delako. Goierriko
totemak (irudi esanguratsu kolektiboak) landuko dituzte, etzi, 18:00etan hasita, plazan.
Iago Rei eta Edurne Imaz artistek gidatuko dute saioa. Herriko elementuak hizpide hartu, eta artearekin jolas egingo dute. Gaur egun, gizartea irudiz «gainezka» dagoela, eta iruditeria kolektiboaren parte bihurtu dira. «Irudiak onartzen eta ukatzen ditugu. Zaldibiako ariketarekin, onarpen edo uko egite horren zergatietan sakondu nahi da; interesatzen zaiguna eta baztertzen duguna ageriko egin».
Zaldibian ohiko eta «natural» diren irudi sorta bat erakutsiko diete artistek partaideei —nahi duten familia guztiei irekia da—: «Interesatzen edo gustatzen zaigun horietan, erakartzen gaituzten irudietan erreparatuko dugu; ezagun zaizkigunak, elementu estetikoak…».
Desira sortzen duten irudiak moztuko dituzte jarraian, behin eta berriz. «Uko egite, onartze eta ezagutze ariketa burutuko dugu hala, emaitza irudi berri bat izanik, ziurrenik jatorrizkoa baino gehiago interesatuko zaiguna».
Eskualdearekin lotuta
Orain arte egin diren ekitaldiek, baita geratzen direnek ere, ideia komun bat dute: eskualdearen izaerarekin lotura zuzena duten jarduerak izatea. Herri bakoitzak pentsatu, aukeratu eta antolatu du, gero, burutu beharrekoa.
Asteburuko ekitaldiak
· Ormaiztegi. Ostirala, 17:00, Parketarrak jolasak. Plazan.
· Arama. Ostirala, 18:00, sendabelarrak ezagutu eta prestatu.
· Zaldibia. Ostirala, 18:00, Goierriko totemak jolasa. Plazan.
· Zegama. Ostirala eta larunbata, 19:30-01:00, III. Cava Festa.
· Beasain. Larunbata, 11:00, mosaikoak egiteko tailerra. Plazan.
· Ordizia. Larunbata, 11:00, Aizpuruaren ipuinak, Lekuona Plazan.
· Segura. Larunbata, 12:00, hiribildua eta landagunea lotuz bisita gidatua. Turismo bulegotik.
· Zerain-Mutiloa. Larunbata, 16:30, Largabistarekin ibilaldi gidatua. Zeraindik Mutiloara.
· Ezkio-Itsaso. Larunbata, 16:30, talo tailerra, Igartubeitin.
· Legazpi. Larunbata, 17:00, euskal jolasak. Azokaren aterpean.
· Beasain. Igandea, 09:00, San Adriango Erdi Aroko gaztelura mendi irteera gidatua. Plazatik.