Idiazabal Jatorri Izendapena duten 54 gaztagilek nazioarteko 112 sari eta domina lortu dituzte aurten, eta guztiei oroigarri bana eman diete. Artzai Gazta elkartearen lana ere azpimarratu duteEguberrietako aparteko azokarekin batera, urtean zehar nazio...
Eguberrietako aparteko azokarekin batera, urtean zehar nazioarteko lehiaketetan sarituak izan diren gaztagileei aitortza egin zieten atzo Ordizian. Izan ere, 2016an, Idiazabal izendapena duten 54 gaztagilek 112 sari eta domina lortu dituzte Euskal Herritik kanpo egiten diren hainbat lehiaketa entzutetsutan. Idiazabal Gaztaren jatorri izendapenak, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak eta udalak antolatutako ekitaldia izan zen. Sarien oroigarriez gainera, Goierriko Bertso Eskolakoen eta Amets Bide dantza taldekoen agurra ere jaso zuten.
Jose Mari Uztarroz Idiazabal Gaztaren jatorri izendapeneko lehendakariak saritutako artzain eta gaztagile guztiei zorionak eman eta urtean zehar egiten duten lana eskertu nahi izan zien. Urte hau «nazioarte mailan izen handikoa» izan da euskal gaztagileentzat. Bertako ekoizleek beraien lanean jartzen duten «mimoa eta zintzotasuna» azpimarratu zituen, eta urtean zehar egindako ahaleginari esker «munduko gaztarik onenen artean» egotea lortu dutelako.
Uztarrozek aipamen berezia egin nahi izan zion Artzai Gazta elkarteari, Basque Country International Cheese Festival jaialdia eta horren barruan World Cheese Awards (WCA) lehiaketa antolatzeko egin duen lana dela eta. «Artzai Gazta elkarteak egindako lan kolektiboari esker, aurten aurreneko aldiz lortu da lehiaketa garrantzitsu hau gure lurraldean, Donostian egitea». Lehiaketa horretan epaimahaiko kide izan den Victoria Urrestiri ere aipamen berezia egin zioten atzoko ekitaldian.
Nazioarteko sariak
Idiazabal Gaztako artzainek jasotako 112 sarietatik gehienak, aurten Donostian egin den WCA jaialdian lortutakoak izan ziren, 98 guztira. Horien artean aipamen berezia merezi dute Gabiriako Baztarrika eta Markinako Santamañe gaztandegiek,
super urrea saria jaso baitzuten. Baztarrika gaztandegiko Eli Elgarrestak sari hori «oso garrantzitsua» izan dela azaldu du. «Beti atera izan dugu dominaren bat, baina super urre honek, mediatikoki eta, beste oihartzun bat izan du». Horrelako sariek «lanean jarraitzeko indarra» ematen dutela nabarmendu du.
Baina WCA ez da bertako gaztagileek sariren bat lortu duten lehiaketa bakarra. Lactium artisau gazten lehiaketan (3 sari); Espainiako gazta onenen Gourmet lehiaketan (4 sari); Britainia Handiko Greatest Awards sarietan (2); eta Pirinioetako artisau gazten lehiaketan (2) ere sarituak izan dira bertako gaztak.
Saritutako izen horien guztien artean, Goierriko 12 gaztagile daude: Baztarrika, La Leze, Aizpea, Otatza, Troskaeta, Goiburu, Makatza, Erraizabal, Basazabal, Gaztañaditxulo, Aranburu eta Aldanondo gaztandegiak.
Gaurko egunaren jarraipen moduan, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak antolatuta, gazta horrekin elkartzen diren jakiekin maridaje saioa egingo dute gaur, 19:00etan, D’Elikatuz zentroan. Busca Isusi gastronomoaren mendeurreneko ekitaldiei bukaera emango diote gaurko saioarekin.