Koldobike Olabide alkateak aurrekontuak aletu eta lantzeko era azaldu ditu. Oposizioko alderdiek aurkeztutako zuzenketak xehatu dituzte. Bozketa guztietako aritmetika berbera izan da
2017ko udal aurrekontua bozkatzeko osoko bilkura iluntzeko zazpietan hasi zen eta gaueko hamarrak eta erdian amaitu zen. Denbora kronometroz kontrolatuta, Koldobike Olabidek aurkeztutako aurrekontuen gaineko azalpenak eman zituen eta ondoren talde bakoitzak bere balorazioa zein aurkeztutako zuzenketen berri eman zuen. EH Bilduk hamar zuzenketa aurkeztu zituen eta Irabazik hamaika, bat balio gabea, hamar orotara. Bakarra ez zietela onartu gaitzetsi zuten. Osoko bilkuraren amaieran zuzenketen eta aurrekontuen bozketa egin zuten. Udal aurrekontuak onartu egin zuten EAJ eta PSE-EEren botoekin, zazpi. Kontra bozkatu zuten EH Bilduk eta Irabazik. Egin zituzten bozketa guztietan aritmetika berbera izan zen: zazpi alde batetik, sei bestetik. Udalbatza bitan zatituta dagoela agerian geratu zen.
Aho batez onespena eman zioten, ordea, Herrigintza soziedade publikoaren likidazioari, eta erabaki hori hartuta, aurrekontu bakarraren baitan sartuta geratu ziren Kirol Patronatua, Herrigintza, euskaltegia eta udala. Orotara 10, 4 milioi euroko aurrekontua onartu zuten 2017rako.
Olabidek prestatu dituzten aurrekontuetan gastu nabarmenenak hiru direla esan zuen: bide publikoak izendatutako atala zeinak hirigintza lanak hartzen dituen (1.296.206 euro), lehen mailako gizarte arreta (1.702.027 euro) eta administrazio orokorra (761.873 euro). «Udal gobernu honen lehentasunak zeintzuk diren argi eta garbi erakusten dute inbertsioek. Aurrekontu hauek pertsonentzat pentsatuta daude», esan zuen Olabidek.
Legazpiko kaleen mapa erakutsi zuen Olabidek eta bertan izar batek adierazten zuen lanak egingo dituzten guneak. Lan guztien artean azpimarragarriena da Kale Nagusia oinezkoentzat egiteko bigarren fasea. 460.000 euroko aurrekontua izango dute lanek.
Beste alderdien balorazioa
Irabaziko Alberto Bezunarteak hartu zuen hitza ondoren. Aurrekontuetako hainbat punturekin ados egonda ere, kontrako botoaren zergatia azaldu zuen: «Aurrekontuak itxita iritsi zitzaizkigun eta ez dugu hitz egiteko borondate asko sumatu».
Besteak beste, Zingi Zangori 2.000 euroko diru-laguntza, merkataritza sustatzeko aurrekontuak hartutakoa baino 5.000 euro gehiago, Kale Zaharreko jaiak egiteko 2.000 euro eta erregaien kontsumoaren aurrekontua jaistea eskatu zuten, «areago kiroldegian jarritako sistema berriari esker 20.000 euro aurreztuko badira». Udalak bere gain dituen instalakuntzen diagnostiko energetikoa egitearen alde egin zuen.
Bezunarteak Latxartegi parkeko orubearen balioa zein den jakiteko aukera eskatu zuen eta paper-lantegiko aparkalekua doakoa izatea eskatu ere. Gabonetako argiak alokatu beharrean erostearen aldeko agertu zen Irabaziko zinegotzia.
Oskar Valbuena PSE-EEko zinegotziak, aurrekontuen alde egingo zuela esanda, bere taldeak aurrekontu proiektuari egindako ekarpenen berri eman zuen. Irisgarritasuna bermatzea, argiteria publikoan eraginkortasun energetikoa aintzat hartzea, Junetorriaren markesinak eta gizarte zerbitzuak indartzeko ahalegina ere aipatu zituen, besteak beste. Bide batez, kanpoko igerilekuko estalkia eta soinketa gela handitzearen alde egin dutela esan zuen.
EH Bilduk Kale Nagusiko lanen aurrekontuaren murrizketa eskatu zuen 370.000 eurorekin egin daitekeela uste dute, baita udaleko langileek egin dezaketela ere. Gabonetako argiei buruz Irabazikoen iritzi bera daukate eta erostearen aldekoak dira. Paper-lantegiko aparkalekua doakoa izatea proposatu zuten beraiek ere. Plan orokorra eguneratu nahiko lukete, Kepa Urtzelaik «epe luzera» begiratzeko beharra defendatu zuen. Lenbur fundazioari egiten zaion ekarpena jaistea eta patronatuan gehien ematen duen kidearekin parekatzea eskatu zuten. Kale Zaharreko jaiei laguntza ematearen alde egin zuten eta merkataritzari bultzada emateko 3.000 euro gehiago eskatu zituzten. Idazleei zuzendutako diru-laguntza ere proposatu zuten, musikariei ematen zaien modukoa. Memoria historikoa berreskuratzeko partida handitzea defendatu zuten.