Luxio Aranburu: «Mendiaren zalea den batekin fida zaitezke»
Inguruan diren mendi guzti-guztiak igoa da Luxio Aranburu (Gabiria, 1936). Baita urrunagoko asko ere. 100 Mendien sorta 9 aldiz osatutako bakarra da. Kontinente bakoitzeko altuenekin ere saiatu zen.ETBko 'Gailurra' programan esan zenuen gabiriarra zare...
ETBko ‘Gailurra’ programan esan zenuen gabiriarra zarela. Inork gutxik zekien hori herrian.
Kasualitatez jaio nintzen Gabirian. Aita Hernanikoa zen, ama Berastegikoa. Baserrian parti-zioak egin zituztenean aitari kanpora tokatu zitzaion, eta Gabiriara etorri ziren, Urkiola baserrira. 1936ko otsailaren 3an jaio nintzen. Gerra sei hilabetera hasi zen, eta aita eraman zuten. Ama Tolosara joan zen orduan.
Bizitzaren zati gehiena Andoainen egin duzu, ezta?
Aita gerratik etorri zenean Andoaingo adreilu fabrikan hasi zen lanean. 1948an hara joan ginen denak, fabrikako etxera. Hamabi urte nituen. Geroago ni hasi nintzen lanean, aita erreumarekin-eta gaizki geratu eta beti bajan egoten zelako. Etxea nola fabrikakoa zen, esan ziguten edo bat lanera, edo bestela etxetik kanpora.
Musikari modura ere ospetsua zara.
Lanetik atera, eta musika estudiatzera Donostiako kontserbatoriora joaten nintzen. Klarinetea ikasten hasi nintzen. An- doaingo Bandan 65 urte egon naiz klarinete bakarlari. Tolosako bandarekin ere lotura izan dut; orain arte inauterietan eta txarangan aritu naiz.
Beraz, zuk ez daukazu Gabiriako oroitzapenik batere, ezta?
Ez, ez daukat loturarik ezer ere. Urkiola zaharra ikustera joan ginen, noizbait amarekin paseatzen genbiltzala. Ordurako berrituta zegoen. Gabirian bataiatuta nago, baina duela 6-7 urte apostasia egin eta Elizatik borratu nintzen. Etengabe eboluzioan egon naiz beti; orain ere bai. Duela bi urte nuen pentsamoldetik ere aldatuko nuke zerbait.
Baina mendizale modura etorriko zinen inguru hauetara.
Bai, aldian behin. Euskal Mendizale Federazioaren 100 Mendien lehiaketa bederatzi aldiz egina daukat. Nik bakarrik dauzkat hainbeste. Bost urtean ehun mendi igo behar dituzu. Horrelakoetan 900 igoera egin ditut.
Euskal Herriko mendi gehienak zapaldu dituzu, orduan.
Denak. Trapalata sartuta [Gabiriako mendi bat]. Gipuzkoako guztiak zazpi aldiz gutxienez igoa naiz. Nafarroako, Arabako eta Bizkaikoak bi aldiz gutxienez. Batzuk gehiagotan, noski.
Norekin ibili izan zara?
Bakarrik asko, baina lagunekin ere bai. Bizkaiko mendi zatar batzuk igual igotzen genituen, katalogoan daudenak. Julio Villarrek esan zidan behin: «Zu mendien bildumagilea zara». Liburuetan azaltzen ziren guztiak igo ditut. Zeharkaldiak ere bai: Usurbildik Arantzazura, Hiru Handiak, Fortunaren martxak, Tolosako Hamalau Orduak, Pirinioetako Zeharkaldia itsasotik itsasora jarraian… Espainiako probintzia guztietan punta altuenak pasatua naiz. Gehien kostatutakoa Valladolidekoa da; ia-ia laua denez, Diputazioan ere ez zekiten zein zen.
Noiz hasi zinen mendirantz?
Ezkondutakoan, 1963an. Umeekin ere askotan joaten ginen. Gero asperrarazi igual egin nituen txikitatik, eta orain ez dira asko ibiltzen; eskiatzera mendira baino gehiago joaten dira. Badira urteak 120-130 irteera egin ditudanak; hiru egunez behin, mendira. Duela bi urte arritmia txiki bat atera, eta ia ez naiz joaten, mantso ibili beharra daukat.
Zeren bila edo zer aurkitzera joan izan zara goietara? Lionel Terray frantses famatuak esaten zuen, mendira zergatik joaten zen galdetzen ziotenean: «Hor dagoelako». Ez nizuke esango gauza bat zehatz, zergatik joaten naizen. Joaten zara, gustatu, ondo sentitu, horretara ohitu… Larunbatero ateratzen ginen. Orain ere asteazkenero ateratzen gara kuadrilla. Mendia lehendik ezagutzen baldin badugu, saiatzen gara beste leku batetik igotzen, zirkulua alderantziz egiten… Atzerrian ere asko ibili zara. Noiz hasi zinen kanpora? Lehendik Pirinioetan ibilia nintzen, eta 1974an kanpora hasi nintzen, Alpeetara. Montblanc, Cervino… Cervino okerragoa da, zailagoa eta arrisku gehiagokoa. Teknikoki-eta prestatuta zeunden garai hartan? Bai, noski. Ikastaroak egin nituen, Pirinioetan: Perdidoren ipar aurpegia, Taillon… Eskalatzen, sokekin, elurrezko kanalak igotzen ibili ginen, Felipe Uriarte, Julio Villar eta horiekin. Motxilan hartu astebeteko jana, eta mendira, kobazuloetan edo vivac eran lo eginez. Badirudi ‘zortzimilako’ bat ez baduzu, ez zarela mendizalea… Eskalatzen Pou anaien tankerako gauza zailak egiten ez badituzu, edo zortzimilako bat igo… Guri belar zanpatzaileak esaten digute. Orain, hemengo mendietan horiek nire aldean ez dakite ezer. Mendira korrika joaten dira, entrenatzera. Baina hortik kanpora, gutxi dakite Euskal Herriko mendiez; oso gutxi. Kontinente bakoitzeko mendi altuena igotzeko proiektua ere ibili zenuen. Zertan geratu zen? Ozeaniako Carstensz geratu zen egin gabe, eta utzi egin nuen. Neuzkan Europako Mont Blanc eta Elbrus, Afrikakoa Kilimanjaro, Ameriketakoa Aconcagua. Gero, igual ausartuko nintzen Everestera joaten garai hartan, jende onarekin-eta. Ordaindu egin behar. Ozeaniakoa egin izan banu, igual ausartuko nintzen Everesten. Kapritxoa nuen. Orain dela 40 urte ez zen erronka makala izango maila horretan ibiltzea, ala? Annapurnara ere joan ginen, 1979an. Zorte txarra izan genuen. Gurekin zihoan sherpa gaixotu egin zen. Martin Zabaletarekin goi samarrera igo zen, 7.000 metrora. Hurrengo egunean Martinek deitu zigun sherpa izorratuta zegoela, eta laguntzeko igotzeko. Gu 6.300ean geunden. Hurrengo urtean, sherpa hori Everestera joan zen hauekin, 1980ko igoera famatuan. Ez nintzen Himalayara itzuli. Zein mendi duzu gustukoen? Kanpoan ere badaude leku ederrak. Alpeak eurak oso leku bereziak dira. Ekuadorren ere oso gustura ibili ginen; Chimborazora Ivan Vallejo nirekin igo zen, haren lagunek amore eman eta behera zihoanean. Gero zortzimiliako guztiak egin ditu. Ameriketarako joera izan dut, Popocatepetl eta. Afrikan ere bai; Kilimanjaro eta gero Rwenzorira joan nintzen, Ilargiaren Mendi edo Niloren Iturrietan, Ugandan. Teknikoki ezer asko ez zeukan, baina elurra egiten du eta kontua eduki behar da. Bakar-bakarrik igo nintzen. Inoiz izan duzu ezbeharrik? Izan badut ere ez dut asko esan [barrez]. Islandian, mendi altuenera igo nintzen, itsasoaren mailatik hasi eta 2.000 metroko desnibelean. Beherakoan, arrakala batean hanka sartu nuen; senez, gorputza aurrera bota, zilipurdika atera eta buelta eman nuen. Ezer egin ez banu, zirrikituan behera joango nintzen. Beti izaten dira arriskuak, baina beno… Goi horietan zer aurkitu duzu? Ezer ez. Batzuek esaten dute zerua gertuago ikusten dela eta… Txorakeriak. Ez naiz mistizismo zalea. Jende guztia ona dela esatea ere gezur hutsa da. Jendea gaiztoa da, anker batzuk gara, kontrakoa erakusten ez den arte. Mendian zakurkeria asko ikusi duzu ala? Mendian ez, bestela. Mendiko jendea da sanoena; kategoriako jendea da. Nik mendian lagun asko dauzkat. Mendiaren zalea denarekin fida zaitezke. Mendiak ondo zainduta daude? Ez, gaizki. Garbitu egin behar da!«‘Belar zanpatzaileak’ esaten digute, baina hemengo mendiez ezer ez dakite gure aldean» «Batzuek esaten dute gailurretik zerua gertuago ikusten dela eta… Txorakeriak»














