Leizaranen aurkako partidan lortutako garaipenari esker, erabakita geratu da txapelketa. Denboraldia amaitzeko hiru partida falta dira eta ondoren igoera fasea jokatuko dute
Gipuzkoako Eskubaloi Liga amaitzeko hiru partidaren faltan, Ordiziako eskubaloi taldeko senior mailako mutilak matematikoki ligako txapeldun dira dagoeneko. Pasa den astebukaeran, Andoainen, Leizaranen aurkako neurketa «denboraldiko onena izan ez bazen ere», ligako titulua eskuratzeko balio izan zien urdinei, Patxi Etxeberria klubeko lehendakari eta entrenatzaileak adierazi bezala.
Partida amaitu bezain pronto ospatu zuten Ordiziako jokalariek ligako garaipena. Lehenengo zatia 12-14ko markagailuarekin amaitu zen Ordiziakoen alde. Oso berdindua izan zen lehenengo zati hori eta guztia airean zegoen, nahiz eta bi tanto aurretik joan.
Bigarren zatian partidaren norabidea aldatu egin zen ordiziarren alde. Indartsu atera ziren kantxara eta hori markagailuan ere antzeman zen. Zazpi goleko aldea ere lortu zuten norgehiagokaren une batean. Alde horrek, antza, Ordiziako jokalariak lasaitu egin zituen; andoaindarrek ordea, jokoan jarraitu zuten, markagailuko aldea tanto bakar batera eramanez. Baina urdinak berriz ere esnatu ziren eta garaipena ez ezik, Gipuzkoako liga ere poltsikoan sartu zuten.
Igoera fasea
Liga amaitzeko oraindik hiru partida jokatzea falta den arren, «burua igoera fasean» dute Ordiziako eskubaloi taldekoek. «Liga hiru aste barru amaituko dugu eta deskantsu egun batzuk ere hartuko ditugu igoera fasea jokatzen hasi aurretik» argitu du Patxi Etxeberria entrenatzaileak. Ordiziarrek «aukera handiak» dituzte bigarren nazionalera igotzeko. Lehendik ere ezagutzen dute maila.