Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko 'DenokZu' kanpaina Goierrira iritsi da
Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri duen DenokZu sentsibilizazio kanpaina aurkeztu dute gaur, Goierriko ordezkari politikoen aurrean. Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egin eta erantzun bateratua ematea da egitasmo honen helburua. Horretarako, tokian tokiko erakundeekin jarri nahi dute harremanetan, udalei ere indarkeria kasu horietan aplikatu nahi duten protokolo bateratua azaltzeko. Miren Elgarresta aldundiko Berdintasun zuzendaria Beasaingo Igartza jauregian elkartu da gaur, Goierriko hainbat herritako ordezkariekin.
Elgarrestak «hausnarketa sakon batetik sortu den sentsibilizazio kanpaina» dela azaldu du. Gipuzkoa mailan erakunde guztiek «erantzun bateratua» ematea lortu nahi dute plangintzarekin. Horretarako, hainbat material sortu dute, udalek?«zer nolako jarrera, zer nolako mezuak eta horrelako kasu baten aurrean zer egin» jakiteko «erreminta edo tresna bat» izan dezaten.
Programa hori aldundiak bultzatu du, baina Eudelekin eta Emakunderekin batera garatuko dute, talde eragile baten bidez. Talde horretan, udalek ere ordezkaritza bat izatea aurreikusten dute. Protokolo honen berezitasuna,?Elgarrestaren hitzetan,?«armonizatua» izatean dantza. «Estandar bat da, gutxieneko batzuk jasotzen ditu, eta gero erakunde bakoitzak dituen baliabideen arabera garatu ahal izango du».
Herrietako ordezkariekin
Kanpaina hori herriz herri aurkezteak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du Elgarrestak. «Ez da erraza ordezkari politiko guztiak bat egin eta horrelako bilkuretan parte hartzea, baina nik uste oso erantzun egokia jasotzen ari garela». Horrelako protokolo bat aplikatzeko garaian, zailtasun gehien dituztenak, «udal txikiak» direla jabetu dira,?«ez baitute teknikaririk edo liberatutako jenderik». Baina bailaraz bailara egiten ari diren bilerekin uste dute «posible izango dela ordezkari politikoak sentsibilizatzea eta jabetzea zer garrantzia duen denok mezu berean bat egiteak; horixe da bilatzen ari garen helburua».