Gaur-biharretan bukatuko dute Aizkorriko aterpeko auzolana. Asteburuan atearen markoa eta atea bera igo dituzte, eta hura kokatzean eta azken pintaketa lanak egin eta gero, iaz hasitako lana amaitutzat joko dute.
Iazko irailean hasi zen dena, Bergarako eta Oñatiko mendizale batzuk aterpearen egoera «penagarria» salatuz sare sozialetara argazki batzuk igo zituztenean. «Egoera lotsagarria zen benetan, penagarria. Abereen zikinkeriaz betea, atea apurtuta… Ezin ginen barrura sartu ere egin!», adierazi zion egunkari honi joan den abenduan Jose Mari Anduaga mendizale bergararrak. Aizkorri Bizirik taldea sortzea erabaki zuen orduan Debagoieneko mendizale talde batek, eta irailaren 25ean aterpetxea garbitu, desinfektatu, margotu eta konpontzeko deialdi irekia egin zuten.
Lan horiek guztiak Zegamako Udalari eta Euskal Herriko Mendi Federazioari baimenak eskatuta egin zituzten, eta herritarren ekarpenak jasotzeko eltzeitsu bat ere jarri zuten Urbiako Fondan. Era berean, elkarlan sarea eratzen hasi ziren Zegamako Amezti mendi elkartearekin eta Zegama-Aizkorriko mendi maratoiaren kudeatzaileekin, besteak beste. Negua etorri zen, eta lanari udaberrian berrekitea erabaki zuten alde guztiek.
Atea jarri eta pintatzea falta
Zegama-Aizkorri mendi maratoia zela baliatuz maiatzaren 28an izan zen, hainbat material igo zuten aterpera, eta harrezkero hainbat lan egiten aritu dira. Azken deialdia joan den larunbaterako egin zuten. Ordurako, Urbiako Fondakoek eta Narbaxako (Araba) gizon batek astoz porlana igoa zuten gailurrera. Larunbatean atea eta markoa igo zituzten eskuz hogei lagunek andak erabiliz Goierri aldetik 15 izan ziren eta Debagoienetik 5.
Ordurako pikatuta zegoen atearen inguruan markoa 72 kilo jarri ahal izateko, eta hura porlanarekin hartu eta gero, bi eguneko tartea eman diote behar bezala lehor dadin. Gaur eta bihar artean beheko atea 55 kilo eta goikoa 35 jarriko dituzte, eta azken pintatze lanak egin eta gero barruan pintaketa bat zegoen, auzolana bukatuko dute.