Tokiko euskarazko komunikabideen bideragarritasuna, eta kazetaritza egiteko modu berriak izango dira hausnarketarako gaiak. Igartzan eta Antion bina saio egingo dira
Goierriko Hedabideak enpresak argitaratzen dituen GOIERRIKO HITZA egunkariko eta
Goiberri astekariko, eta
goierri.hitza.eus eta
www.otamotz.eus atari digitaleko lantaldeak bailara osoko eragileekin partekatuko ditu etorkizunari begirako erronkak aurtengo udazkenean. Bi ataletan banatutako lau hausnarketa saio antolatu ditu urriaren 7, 21 eta 28rako, eta azaroaren 4rako. Bi saio Beasaingo Igartza Jauregian izango dira, eta beste biak Zumarragako Antioko interpretazio zentroan.
Lau komunikabide horietako lantaldea hausnarketa prozesu batean murgilduta dabil azken urteetan, erronka digitalari nola aurre egin eta egoera berri horri ahalik eta modu egokienean erantzuteko. Interneten garapenak ohitura eta paradigma aldaketa ekarri du, eta horrek krisialdia sortu du paperezko euskarrietan. Internetek hazkunde eta garapenerako aukera asko ematen du gero eta jarraitzaile gehiago ditu HITZA-k sarean, baina eremu zaila da diru-sarrerak sortzeari begira.
Bi taldetan banatuta
Hausnarketa hori ahalik eta eraginkorrena izateko helburuarekin, gogoetarako gaiak bitan banatuko dira. Lehenak A taldea euskarazko tokiko hedabideen bideragarritasunaz eta sustapenaz hausnartuko du. Talde horren lehen lan-saioa urriaren 7an izango da Igartzan, eta bigarrena urriaren 21ean Zumarragako Antion. Bigarren taldeak B taldeak, aldiz, kazetaritza egiteko modu berriak eta gazteak euskarazko edukietara erakartzeko moduak izango ditu gogoetagai. Urriaren 21ean izango da lehen saioa Beasainen, eta azaroaren 4an bigarrena Zumarragan.
Saio bakoitzak bi ordu t’erdi iraungo du (10:00-12:30), eta Elhuyar Komunikazio taldea arduratuko da dinamizazio lana egiteaz. Partaidetza prozesu honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzaren babesa jaso du.
Herritarrei irekia
Eskualdeko dozenaka eragilek jaso dute dagoeneko saio horietako parte hartzeko gonbidapena, baina herritarrentzako irekia ere bada. Ongi etorriak izango dira prozesuan parte hartzeko interesa duten harpide, irakurle eta herritar guztiak. Saio horiei buruzko informazio gehiago izateko eta izena emateko bideak honakoak dira:
gh@hitza.eus eta 943 16 00 56.
Hausnarketa prozesua
Bideragarritasuna eta sustapena. Euskarazko tokiko hedabideen bideragarritasunaz eta sustapenaz hausnartuko du taldeak.
· Urriaren 7an Igartzan.
· Urriaren 21ean Antion.
Kazetaritza eta Gazteak. Kazetaritza egiteko modu berriei buruz eta gazteak euskarazko edukietara erakartzeko aukeren inguruan hausnartuko du.
· Urriaren 21ean Igartzan
· Azaroaren 4an Antion.