Hirugarren urtez Goazen Ordizia ekimena jarriko du abian Ordiziako Udalak, Osakidetzarekin elkarlanean eta talde eragileen laguntzarekin. Kirola eta harremanak uztartzen dituen ekintza da.
Goazen Ordizia 2015ean jaio zen, eta ostegunero egiten da iraila eta ekaina bitartean. Herritarrak elkarrekin kalera irten eta, udalerrian bertan, ibilbide desberdinak egitea da ideia. Ariketa fisikoa eta lagunartea uztartzen dira. Bi urteotan ordiziar askok parte hartu du. Sebas Gartziarena (Berastegi, 1969) erizaina da eta Ordiziako osasun zentroan egiten du lan. Ostegunero parte hartzen du Goazen Ordizian.
Goazen Ordizia bezalako ekimenek zein iritzi merezi dizute?
Oso onuragarriak dira guztiontzat. Bertan parte hartzen dutenek, ezindu, aitona-amona eta hainbat elkartetako pertsonek, egun horretan zerbait desberdina egiteko aukera dute eta oso positiboa da hori.
Ekimen horrek urteotan izan duen eboluzioa zein izan da?
Hasieratik herritarren artean oso harrera ona izan duen ekimena da. Udalerriko agente askok parte hartzen dute: Zuhaizti zentroa, Garagunea, Osakidetza, Kimetz, udala, Ordizia Kolore, eta beste hainbat eta hainbat herritar eta bolondres. Sarea zabaltzea ekarri du horrek. Orain, ikastetxeek ere parte har dezaten lanean ari gara.
Parte hartzeari dagokionez, hasieran 130 pertsona inguru hasi ziren ostegunero ibiltzera ateratzen, 150 izatera ere iritsi ginen, baina orain, 80-100 pertsonako tarte horretan ari gara. Kopurua egonkortu egin da. Dena den, kantitateari buruz hitz egitea baino, kalitateari buruz hitz egitea nahiago dut.
Kalitatea diozunean zertaz ari zara?
Herritar askok ostegun guztiak egutegian markatuta dituzte, egun horretan zerbait desberdina dutelako egiteko. Etxe zulotik atera eta bakardadetik ihes egiteko aukera ematen die Goazen Ordiziak. Gainera, ariketa fisikoa egiten dute aldi berean. Bi gauza uztartzen dituen ekintza da; ariketa fisikoa eta baita emozioak ere, eta ongi sentitzeko, biak dira oso beharrezkoak.
Herriko talde eragile ugarik parte hartzen dutela ere esan duzu.
Ordizia Kolore da horietako bat. Atzerritik etorri berri den jen-dearentzat, herrian kokatzeko modua da Goazen Ordizia, Ordiziako beste herritarrekin erlazionatzeko aukera ematen baitie. Bestalde, bertakoei, kanpotik etorritako eta bizilagun izango diren haiek ezagutzeko aukera luzatzen die.
Zein da erizain bezala Goazen Ordizian duzun eginkizuna?
Hiru talde atera ohi dira eta ni horietako batekin joaten naiz, zerbait gertatuz gero, arreta lehenbailehen emateko. Eguraldi txarra egiten duenean, Zuhazti zentroan biltzen gara eta han egin ohi dugun ariketa eta dantza saioa gidatzen dut. Ongi pasatzea oso garrantzitsua da.
Zer egin behar du ekimen honetan sekula parte hartu ez eta interesa duenak?
Ostegunero Ordiziako Plaza Nagusitik ateratzen gara 10:30ean, beraz han agertzea baino ez du. Herrian barrena paseotxo bat emateko, baina batez ere jendea ezagutzeko eta ongi pasatzeko aukera ezin dute galdu.
Joko sorta egingo dute ikasturteko lehen Goazen Ordizia saioan
Ordizia Goazen Olinpiar Jo-koak antolatu dituzte biharko, osteguna, Plaza Nagusian, 10:30ean hasi eta eguerdira arte. Hainbat gunetan banatuta, kirol desberdinak praktikatuko dituzte bertaratzen direnek eta sorpresaren bat edo beste egongo da. Kurtso berriari aparteko hasiera emateko modua izango da biharkoa.
Sei gune prestatuko dira eta horietako bakoitzean, joko mota bat praktikatzeko aukera izango dute asmo horrekin bertaratzen diren guztiek, adin mugarik gabe.
Jokoen artean, toka, igelarena, uztailarena, aulkiena, zinta-kaxarena eta zapiarena izango dira. Kirolari bakoitzak nahi duen jokoan parte hartu ahalko du. Musika, dominak eta bestelakoak ere izango dira.
Ordiziako Udalak eta antolaketan laguntzen dutenek, herritar guztiak parte hartzera animatu nahi dituzte, bai olinpiar jokoetan, bai ostegunero egingo den Goazen Ordizia ekimenean, aktibo egoteko, jendea ezagutzeko eta osasuna hobetzeko aparteko aukera baita.