Oihana Iguaranek eta Iñaki Apalategik Durangoko saioan lortu dute azken faserako txartela. Hiru saio jokatuko dira. Nerea Elustondo txapelketatik kanpo geratu da
Bertsolari Txapelketa Nagusiko 4. finalaurreko saioa, Durangon. 2017ko (Gari Garaialde / Bertsozale Elkartea)
Bertsolari Txapelketa Nagusia azkeneko txanpan sartua da dagoeneko. Abenduaren 17ko finalaren aurretik, hiru final aurreko besterik ez dira geratzen. 18 bertsolari ariko dira BECeko finaleko zazpi aulkiak betetzeko lehian; zortzigarren aulkia Amets Arzallus azkeneko txapeldunak beteko du. Hemezortzi bertsolarien artean hiru goierritar daude: Aitor Sarriegi beasaindarra (705 punturekin), Idiazabalen bizi den Oihana Iguaran amasarra (671 punturekin) eta Iñaki Apalategi beasaindarra (648 punturekin). Finaleko zazpi bertsolarien zerrenda osatzeko, bi final aurrekoetako puntuak batuko dira. Lehian ari zen laugarren goierritarra, Nerea Elustondo legazpiarra, txapelketatik kanpo geratu da.
Iguaranek eta Apalategik igandeko Durangoko saioan lortu zuten final aurrekoen bigarren fasera pasatzeko txartela. Iguaranek «estu aritu» zela adierazi du. «Asko kostatu zitzaidan. Batzuetan ez nuen eman behar nuen maila, baina beste batzuetan, nik uste bezain gaizki ere ez. Entzun beharra daukat berriz ere saioa, ikusteko zenbateraino den sentsazioa eta zenbateraino den benetakoa». Momentu batean, bere burua final aurrekoen bigarren itzulitik «kanpo» ikusi zuela aitortu du; «aurrera egingo nuela jakin nuenean, oso pozik jarri nintzen».
Kartzelako ariketan goia jo zuen: «Saio guztia hortzak estututa pasatu eta gero, nahi nuen ahalegin bat egin, behintzat zerbait utzita bukatu nahi nuen. Gaia entzun nuenean berehala ikusi nuen. Bertsoak nahi bezala ez nituen josi, baina esan nuenarekin pozik geratu nintzen». Aitor Sarriegirekin batera kantatuko du abenduaren 2an, Iruñean.
Apalategik ere aurrera
Iñaki Apalategi beasaindarrak ere lortu du final aurrekoen bigarren fasera pasatzea; bera izan da zerrendako azkeneko bertsolaria. Lehenengo helburua bete du, baina «penaz» gelditu da: «Behin hor egonda, finalerako borrokatzeko gogoa nuen, baina ezin izan da». Saioan zehar «nahiko baldar» sentitu zela dio, «ariketa denetan zer edo zer ondo eginda, baina bat ere borobildu gabe. Gozatu gabe aritu nintzen».
Azaroaren 26an Donibane Lohizunen izango du hurrengo saioa. Orain, «atseden hartu eta indar pixka bat bildu» eta gozatzera joan nahi du. «Txapelketa 4 urtez behin da eta hemezortzik bakarrik dugu hau gozatzeko aukera; beraz, ezin joango gara penaz, gozatzen saiatuko naiz».
Finalaurrekoen bigarren txanda
Azaroak 19
· Amurrion (Araba).
· Beñat Gaztelumendi, Sustrai Colina, Jon Maia, Jon Martin, Nerea Ibarzabal eta Etxahun Lekue.
Azaroak 26
· Donibane Lohizunen (Lapurdi).
· Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Agin Laburu, Jone Uria, Julio Soto eta Iñaki Apalategi.
Abenduak 2
· Iruñean (Nafarroa).
· Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Miren Amuriza, Oihana Iguaran, Unai Agirre eta Alaia Martin.