Aitor Sarriegi: «Bizitza osorako oroitzapen eder bat geldituko zait, ez dut ahaztuko»
Aitor Sarriegik Txapelketa Nagusiko bere hirugarren eta azken finala jokatu du. Helburua beteta utzi dio lehiatzeari. Iñaki Muruak ere ez du karguan jarraituko
Hitzarekin jolas eginez, errimak eta hitzak josiz, Barakaldoko BEC-eko 14.600 bertsozaleak hunkitu zituzten zortzi bertsolariek lau urtean behingo bertsolaritzaren une gorenean: Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean. Gozatu ederra hartu zuten bertsozaleek Aitor Sarriegi beasaindarrarekin, baita Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Igor Elortza, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirrerekin ere. «Plazer handia izan da, asko gozatu dugu. Plaza izugarri ederra izan da». Horiek Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak finala laburbiltzeko erabilitako hitzak. Behin baino gehiagotan eztanda egin zuen BEC-ek.
Adin desberdinetako goierritar ugarik bertatik bertara gozatu zuten bertso jardunaz, eta batez ere Aitor Sarriegi beasaindarraren lanarekin. Txapelketako aurreko bi kanporaketetan bezalaxe, entzuleengana iristea lortu zuen beasaindarrak. Goizeko lana bukatutakoan, Maialen Lujanbiorekin buruz burukoa jokatzeko izenen artean bazegoen ere, seigarren lekuan sailkatu zen azkenean Sarriegi, nahiz eta buruz burukoa gertu izan zuen. Sailkapena azkenean, honela gelditu zen: Maialen Lunjanbio (1756 puntu), Aitor Mendiluze (1.680,5 puntu), Sustrai Colina (1.137,5 puntu), Amets Arzallus (1.136 puntu), Igor Elortza (1.124 puntu), Aitor Sarriegi (1.107,5 puntu), Beñat Gaztelumendi (1.076,5 puntu) eta Unai Agirre (1.072,5 puntu).
Hirugarrena eta azkena
Euskal Herriko hirugarren finala izan du Sarriegik; hirugarrena eta azkena, aurretik iragarria zuen bezala. Aurtengo txapelketan famatua egin duen bertso doinua lagun hartuta Andres Calamaroren Paloma kantuaren doinua, «Aurkitu ahalko nauzue / maite ditudan gauzetan / eta horien artean / euskal herriko plazetan» esanez agurtu zituen bertan bildutakoak. Sarriegiren esanetan, «ez dago toki eta momentu hoberik» txapelketari agur esateko. «Zapore onarekin bukatu» nahi zuen gainera, eta «lortu dut». 22 urte dira Gipuzkoako bertsolari txapelketa jokatu zuenetik eta sei final jokatu ditu: «Gora beheratsuak izaten dira txapelketaren aurreko asteak eta faktura handia pasatzen dute», nabarmendu du. Igor Elortzak ere agur esan zien txapelketei. Lau urte barru, 2021eko txapelketan, beraz, gutxienez bi izen berri izango dira finalisten artean.
«Bizitza osorako oroitzapen eder bat
geldituko zait, ez dut sekula ahaztuko»
Aitor Sarriegi (Bertsolaria)
«Niretzat ere azken finala izango da.
Zortziekin une hau partekatzea polita da»
Iñaki Murua (Bertsozale Elkarteko lehendakaria)
Egindako lanarekin pozik
Sarriegi izan da aurtengo txapelketan nabarmendu den bertsolarietako bat. Irungo kanporaketan bigarren postua eskuratu zuen eta Iruñekoa irabazi egin zuen. Igandean ere txalo zaparrada jaso zituen behin baino gehiagotan, bereziki kartzelako saioarekin. Atetik sartu zarenean isildu egin dira denak, hori izan zen jarritako gaia. Irakaslearen begiratutik heldu zion gaiari, geletan euskarak duen presentzia eta kontzientzia euskalduna jorratuz. «Eta nolakoa izango da gure etorkizuna/ haurrei eskatu ezkero geuk egiten ez duguna» ideiarekin amaitu zuen azkeneko bertsoa.
Sarriegi gustura gelditu zen egindako lanarekin: «Gora beheratsu bizi izan dut, baina bukaerako argazkia ez dut sekula ahaztuko; bizitza osorako oroitzapen eder bat geratuko zait».
Iñaki Muruaren agurra
Bertsozale Elkarteko lehendakari Iñaki Murua gabiriarrarentzat ere azken txapelketa izan da karguan. Hamabi urte egin ditu bertan, eta gustora agertu da egindako lanarekin. «Niretzat ere azkeneko finala izango da. Zortziekin une hau konpartitzea polita da», esan zuen finala bukatutako prentsa aurrekoan.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.