Goierriko bederatzi herritan Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeei ongi etorria egingo diete gaur. Toki batzuetan goizean etorriko dira, azken orduko oparien gutunak jasotzeko.
Hiru Erregeen etorrera, iaz, Ordizian. Zamalkadak 75 urte bete ditu.
Trakatan-trakatan, zaldi gainean iritsiko dira gaur Goierrira Ekialdeko lurraldeetatik Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak beraien laguntzaileekin, Eguberrietako jaiei amaiera emanez. Egun magikoa izango da askorentzat gaurkoa eta biharkoa, Goierriko bederatzi herritan egingo dituzte ongi etorriak eta zamalkadak: Beasainen, Idiazabalen, Lazkaon, Legazpin, Olaberrian, Ordizian, Ormaiztegin, Zegaman eta Zumarragan. Erregeei gutunik idatzi ez dietenek, gaur azken aukera izango dute erregeei eskura emateko.
1960ko hamarkada hasierako Beasaingo errege zamalkada.
Ordiziakoa da zamalkadarik zaharrena; 75 urte beteko ditu aurten. 1942an Jose Esnal apaizak bultzatuta egin zen lehenengoa. Beasainen, berriz, 60 urte beteko dira aurten, 1958an Erregeen Zamalkadak lehenengo Beasaingo kaleak zeharkatu zituenetik. Accion Catolicak antolatu zuen, Francisco Mitxelena apaizak bultzatuta. Urte hartako errege magoek hiru beasaindar ezagunen antz fisiko ikaragarria zuten: Aitor Garmendiarena, Carmelo Olanorena eta Javier Artolainena. Plazako kioskotik arabiera berezi batean zuzendu zitzaien beasaindarrei. 1998. urteko zamalkada ere berezia izan zen: trenez (berandu) iritsi ziren lehenengo Beasainera, eta Gipuzkoa plazan globo aerostatikoan ibili baitziren ondoren, nahiz eta aireratzerik ez zuten izan ilunduta zegoelako.
2000. urtetik Txilibutxof Aisialdi Taldeak antolatzen du zamalkada, herriko beste hainbat talderekin batera: Herriak Elkarlanean, San Martin Parrokiako katekesia, Goizeresi Txistulariak, Loinatz Musika Eskolako trikitilariak, Musika Banda, Koskola Txaranga, Kantujira eta Irratizaleen elkartea. Karrozak eta musika taldeak 150 antortxeroz inguratuta zeharkatuko dituzte kaleak.
Urteurren borobila jantzi berriekin ospatu nahi izan du Txilibutxofek. Iazko edizioan hiru erregeek eta beren laguntzaileek jantziak estreinatu bazituzten ere, aurten 125 jantzi berri josi dituzte; aurrekoak 1993an egindakoak ziren. Ohiko hiru koloreak errespetatu dituzte eta erreduren aurrean iraunkorragoak den oihala erabili dute. Txilibutxofek zehaztu duenez, «hasiera batean asmoa jantziak pixkanaka berritzea bazen ere, udalaren laguntza ekonomikoa medio, guztiak berritu ahal izan dira». Jantzi berri gehienak «Beasaingo Caritas elkarteak pasa den ikasturtean martxan jarritako jostun tailerreko kideek egindakoak dira».
Azkenik, Txilibutxofek gogoratu duenez, 2000. urtetik egiten duten bezala, zamalkada antolatzeagatik Beasaingo Udalak ematen dion dirulaguntza Herriak Elkarlanean gobernuz kanpoko erakundera bideratuko dute. Haitin eskola baten eraikuntza amaitzeko erabiliko dute.
ZAMALKADAK, GAUR
Beasain
10:30. Erregeen bisita Arangoiti zahar egoitzara.
12:00. Haurren gutun bilketa, Loinazko San Martin plazan; euria egingo balu, plaza azpian.
18:15. Erregeen zamalkada, Igartzako jauregitik abiatuta.
19:15. Errege Magoei ongi etorri ekitaldia, Loinazko San Martin plazan. Idiazabal 18:00. Erregeen zamalkada, Guraso Elkarteak antolatuta.
Lazkao
11:00. Erregeen bisita, Txindoki zahar egoitzara.
18:30. Zamalkada, San Prudentziotik Lazkao Txiki Zelaira.
Legazpi
18:00. Zamalkada, Bikuñatik abiatu. Euskal Herria plazan jaiotza, eskaintza eta pregoia. Opariak banatzeko: 16:30-17:30 bitartean kiroldegira eraman.
Olaberria
17:30. Erregeen zamalkada, Errekaldetik hasita. Opari bilketa egingo dute 14:30etik 16:00etara, Ihurreko jubilatuetan.
Ordizia
18:30. Erregeen zamalkada, Buztuntza auzotik Plaza Nagusira. Barrenan geldialdia eta antzezlana. Elizako Katekesiak antolatuta.
Ormaiztegi
13:00. Erregeen heraldoa.
18:30. Erregeen zamalkada, Mendizabaldik plazara.
Zegama
19:00. Zamalkada, Olaran auzotik abiatuta.
Zumarraga
19:00. Erregeen irteera, Antiotik.
19:30. Mertzedarietara iritsi, eta Zelai Ariztin antzezpena. Ondoren. Herodesen gazteluan gertatutakoa antzeztuko dute Zelai Arizti pilotalekuan.
20:00. Desfilea herrian zehar: Iparragirre hiribidea, Legazpi kalea eta Euskadi plaza. Ondoren. Erregeak Jesus haurra gurtzera joango dira udaletxeko arkupeetan jarrita dagoen jaiotzara. Ekitaldia amaiera emateko, Adeste Fideles joko dute Zumarragako Musika Bandak eta Antxiñako Ama Txistulari taldeak.